Atzo jakinarazi zuen, hainbat herritarrek osatutako talde eragileak, zein proposamen izan diren hernaniarrek gehien bozkatu dituztenak, eta 2015eko udal aurrekontuetan sartu direnak. Guztira, 1.457 hernaniarren botoak jaso dira, baina 172k ez dute balio izan gaizki egin direlako. Beraz, 1.285 hernaniarrek bozkatu dute. Proposamenak martxan jarriko ditu gobernu taldeak 2015ean, eta alderdi guztiek konpromisoa erakutsi dute proposamenak bete eta aurrerantzean, horrelako prozesu gehiago martxan jartzeko.
Gay Murreko patioa estaltzea, ez da atera
Taulan ikusi daitezke boto gehien jaso dituzten 12 proposamenak. Gay Mur eraikineko patioa estaltzea 8garren bozkatuena izan da, baina aurrekontuak herritarren eskura jarritako diru kopuru osoa hartzen zuenez, baztertu egin da.
Prozesua hobetzeko proposamenak, herritarrek
Aurkezpena bukatuta, herritarrek hainbat proposamen egin zituzten, parte-hartze prozesua hobetzeko asmoz. Gay Murreko patioa estaltzeko proposamenak, haur parke bat estaltzekoarekin bat egitea, adibidez.
Hala adierazi zuen Gay Murreko patioa estaltzearen aldeko kanpaina egin duen guraso taldeak: «uste dugu 500.000 euroko aurrekontua haundiegia dela. Guk 360.000 eurokoa egina daukagu. Haur parke bat estaltzeko proposamena bete daiteke Gay Murreko patioa estalita. Patio publikoa da, eta herri osoak erabili ahal izango luke. Ez bada horrelakorik egiten, ez aurten, eta ez hurrengo parte-hartze prozesuetan, ez da proposamena aurrera aterako».
Aztikerreko teknikariak, parte-hartze prozesua dinamizatu eta garatu duenetako batek, azalpenak eman zituen: «aurrekontua, berez, haundiagoa zen, baina askotan egin den eskaera bat izanik, jaitsi egin zen, parte-hartze prozesuan sartu ahal izateko. Bestalde, zaila da parke bat estaltzearen eta Gay Murreko patioa estaltzearen proposamenek bat egitea, ez baitute erabilera bera izango. Hala ere, kontuan hartuko da, aurrerantzean zer egin daitekeen ikusteko».
Bestalde, beste herritar batek botazio sistemaren inguruan egin zuen galdera: «zergatik bozkatu behar ziren 10 proposamen? Zergatik ez bozkatu, Astigarragan egin zen bezala, 500.000 eurora iritsi arteko adina proposamen?».
Arrazoiak azaldu zituen Aztikerreko teknikariak: «talde eragilean sortu zen eztabaida hori. Uste dugu jende askok ez lukeela bozkatuko kalkuluak egiten hasi beharko balu, eta guk, ahalik eta jende gehienak parte hartzea sustatu nahi dugu. Bestalde, nork berea bozkatzeaz gain, ikuspegia zabaldu eta gainontzekoen beharrak zein diren ezagutu eta kontuan hartzea ere bultzatu nahi izan dugu. Denentzako onuragarria izango zena baloratzea». Horri lotuta, beste herritar batek azaldu zuen: «prozesua hobetzeko ekarpen moduan, neutralagoa izango litzateke bi eratako bat erabiltzea bozkatzeko: edo proposamen bakoitzaren aurrekontuaren berri ez eman, edo jendeak kalkuluak egitea».
Aztikerreko teknikariak azaldu zuen proposamen eta balorazio guztiak kontuan hartuko direla, hurrengo urteetako prozesuak hobetze aldera. «Erronka da urtez urte herritarrekin erabakitzea, eta gero eta jende gehiagok parte hartzea».
2015eko udal aurrekontuetan sartuko diren proposamenak:
-Herriko parke eta kaleetan edukiontzi gehiago jarri (14).
Boto kopurua: 966. Aurrekontua: 2.000 euro.
-Behar bereziak dituzten haurren integrazioa eta sorkuntza lantzeko dirulaguntza.
Boto kopurua: 817. Aurrekontua: 5.000 euro.
-Herriko oztopo arkitektonikoak lantzeko irisgarritasun partida handitzea.
Boto kopurua: 692. Aurrekontua: 30.000 euro.
-Herriko haur parke bat estali.
Boto kopurua: 682. Aurrekontua: 120.000 euro.
-Zinkoeneatik Floridako tren geltokiraino bidea argiztatzea.
Boto kopurua: 636. Aurrekontua: 30.000 euro.
-Indarkeria jasaten duten emakumeentzat arreta psikologiko eta juridikorako zerbitzua sortzea.
Boto kopurua: 624. Aurrekontua: 20.000 euro.
-Komon publiko bat gehiago jarri.
Boto kopurua: 572. Aurrekontua: 83.000 euro.
-Gay Mur eraikineko patioa estaltzea.
Boto kopurua: 556. Aurrekontua: 500.000 euro. (Baztertua, aurrekontua dela-eta).
-Esertzeko banku gehiago jartzea (10 inguru) eta dauden batzuk altueraz igo.
Boto kopurua: 529. Aurrekontua: 15.000 euro.
-Saskibaloian aritzeko kanastak jartzea altuera bajuan bai haurrentzat, bai gurpildun aulkian daudenentzat.
Boto kopurua: 508. Aurrekontua: 5.000 euro.
-Plaza Berriko lurra aldatzea ondoko kaleetan dagoen granitozko lurra jarriz.
Boto kopurua: 501. Aurrekontua: 128.000 euro.
-Etxegabetze arrisku egoeretarako kreditu poltsa bat sortzea.
Boto kopurua: 486. Aurrekontua: 30.000 euro.
-Alokairua sustatzeko dirulaguntza.
Boto kopurua: 473. Aurrekontua: 32.000 euro. (Aurrekontua 50.000 eurokoa zen, baina ez da iristen).