San Martin egunari aurrea hartuta, lehengo larunbatean ospatu zuten festa Aranon. Arratsaldean, hitzaldia izan zen elizako erlojuari buruzkoa. Xabier Alvarez Yereguik eman zituen azalpenak. Alvarez, Serapio Yeregui Aranoko erlojua egin zuenaren senidea da. Yereguitar asko izanak dira erlojugileak. Baita Benito Yeregui ere, Alvarezen birraitona, eta 10 bat senide izan ziren hitzaldian, Donostia eta Bilbo aldetik etorrita. Denera, 30 bat lagun elkartu ziren hitzaldian. Aurrez, erlojua ikustera ere joan ziren umeak. Eta ondoren, eskulanak egin zituzten. Oso erloju politak egin zituzten. Horrez gain, Jabier Legarretak erlojuari ateratako argazkiak erakusketan egon ziren, eta 15etik 10 bat saldu ziren. Eguna borobiltzeko, talo eta gaztain jatea izan zen. Udalak eskerrak eman nahi dizkie umeei, Xabierri, Jabierri eta talo egiten eta gaztain erretzen aritu ziren herritarrei; «eguna aurrera ateratzen lagundu zuten guztiei».