GEROZ eta haundiagoa da Astigarragako AEKk duen eskaria. 84 ikasle matrikulatu dira irailean, eta 12 taldetan banatuta ari dira klaseak jasotzen. Aurten gainera, berrikuntza batekin: lokal berria dute. Azken urteetan leku falta sumatu dute, eta lokal berriak asko lagunduko du eguneroko funtzionamenduan.
Gorakada, zero mailan
Interes edo helburu ezberdinak dituzten ikasleek aukeratzen dute AEK euskera ikasteko. Azken urteetan ordea, zero mailako ikasle gehiago dituztela konturatu dira: «euskera zerotik ikastera datozen ikasle askok eman dute izena azken aldian, eta bereziki, joan den urtean nabaritu genuen gorakada». Konturatu dira, askok eguneroko bizitzarako nahi dutela euskera: «behe-behe urratsetakoak diren ikasleek helburu ezberdinak dituzte. Batzuk Astigarraga etorri berriak dira, atzerritik, eta ikastea behar bezala bizi dute. Umeekin euskeraz aritu nahi duten guraso asko ere badaude. Ikastolan hasten direnean, hutsunea nabaritu dute».
Izen ematea zabalik,
urte osoan
Adin eta behar guztietarako eskaintza du AEKk, eta gogoratu dute, ikasturteko edozein momentutan eman daitekeela izena: «titulu bat ateratzea, maila hobetzea, hitz egiteko trebetasuna hartzea... behar guztietara egokitzen gara. Era berean, ikasleak nahi duenean edo behar duenean eman dezake izena».
Euskaltegitik kanpo,
euskeraz aritzeko aukera
Klase tradizionaletatik kanpo, euskeraz aritu nahi dutenentzako aukera ezberdinak ere badituzte. Batetik, Mintzalagun ekimena, orain arte Hizkide bezala ezaguna. Euskera maila ezberdina duten herritarrak elkartzen dira, euskera praktikatu, elkar ezagutu eta une atseginak pasatzeko asmoz.
Eta bestetik, egun gutxi barru aurkeztuko duten Gurasolagun. Haurrak dituzten gurasoei zuzendutako ekimena da: «bilatzen dena da, gurasoek euskeraz hitz egitea umeak ikastolatik ateratzen direnean, edota parkean jolasean dauden bitartean. Izan ere, gurasoak dira umeen eredu. Eta hauek euskaldundu nahi ditugu».
Euskalgintza taldean,
hilean behin
Bestalde, AEK euskaltegiak parte hartzen du Astigarragan hilean behin elkartzen den euskalgintza taldean. Diote, Astigarragak ez dituela datu onak euskeraren erabilerari dagokionean: «datuak ez dira nahi genituzkeen bezain onak. Gainera, haurren arteko erabilera asko jaitsi dela erakutsi dute. Euskalgintzan gabiltzan talde ezberdinak elkartzen gara hilean behin, eta helburu dugu, egoera aztertu eta ekintzak antolatzea, euskeraren erabilera bultzatzeko».