Astigarragako EH Bilduk bideo bat argitaratu du Elgopebi kasuaren inguruan: Astigarraga, Urumeako Marbella izena du (youtuben ikusgai). Prentsa oharra ere bidali du edukiaren berri emanez. Eta halaxe adierazi dute: «Badakigu horrelako auziek maila judizialean oztopo ugarirekin egiten dutela topo, baina arduren banaketa egokia egiteko eta Udalak galdutako ondarea errekuperatzeko lanean jarraituko dugu burubelarri. Auzi hau nola kalifikatu ere ez dakigu. Negligentzia larria, kudeaketa arduragabea, gaitasunik eza, ezkutuko negoziaketak… Eta gainera, alkateak Plenoan honen inguruan galdetuta ez dute argibiderik eman nahi! Egunkarien eta informatiboen azaletan ageri diren eskandaluen antza haundia du honek».
«Nori egiten zion mesede?»
Prozesuaren nondik-norakoa azaldu du EH Bilduk: «Mikel Zabala alkate zela, 1995eko azken Plenoan, 3 hitzarmen urbanistiko onartu zituzten bitartean, beste bat sinatu zuen Zabala alkateak. Azken hitzarmen hau Felix Elarrerekin sinatu zuen, ezkutuan eta txosten teknikorik gabe, Ibaiondoko partzela baten inguruan. Nori egiten zion mesede hitzarmen horrek?», galdetzen du.
Eta honela jarraitu du: «1996an, Felix Elarreren Elgopebi enpresak hitzarmenean adostutakoa konpentsazioarekin betetzeko eskatu zion Mikel Zabalari. 4 urtez Ezker Abertzaleak hitzarmenaren inguruko txostenak eskatu zituen, baina eskaerak ez zuen erantzunik izan. Urte horietan Mikel Zabalak gehiengo osoa izanda ere, Plenoak ez zuen hitzarmena onartu. 4 urte pasa ziren eta ez zuen berak sortutako arazoa konpondu. Zergatik? Txapuza erraldoi bat zelako».
«Zergatik ez zen 2006an ordaindu?»
Elarrek Udala epaitegietara eraman zuela gaineratu du EH Bilduk eta 2003an Elgopebiren aldeko sententzia iritsi zela Udalera: «Euskal Herritarrokeko gobernu taldeak helegitea jarri zuen. Ilegalizazioekin EAk (H1!) eta EAJk alkatetzara iristea lortu zuten berriro, Bixente Arrizabalagaren eskutik, eta hauek ere ez zuten hitzarmena bete, ustez, ados egon arren. 2006an Gorenak Astigarragako Udalari exigitzen dio epaia betetzeko. Udalak ez zuen sententzia bete. H1! eta EAJk 8 urte beranduago ez dute oraindik erantzun zergatik ez zuten orduan epaia bete», dio EH Bilduk.
Azken pausoen berri ere eman du: «Elgopebiri ordaintzeko agindua 2011n iritsi zen. 2011ko maiatzean, Bilduk alkatetza lortu zuen. Idazkariaren eta aholkulari juridikoaren txostenen babesarekin eta zinegotzi ohien eskaeren ondorioz, Udalaz kanpoko arkitekto eta abokatu independienteekin ikerketa abiatu zen. Ikerketak Mikel Zabala jotzen du erantzuletzat, eta administrazioak esaten du Acción de regreso deituriko prozedura bat abian jartzeko derrigorrezkoa delako alkate ohiari bere erantzukizuna onartu dezan eskatzea».
Eta hainbat kontu argitzeko eskatu du berriz: «Zabala jaunak esaten duen moduan, zergatik ez zen 2006an ordaindu? Nork agintzen zuen Astigarragako Udalean? Zergatik ez dute inoiz kontatu zer negoziatu duten urte guzti hauetan Felix Elarrerekin? Gainera epaia exekutarazi eta herriak ordaindu behar du… Baina, ze eskandalu da hau?».