Astigarraga, Hernani, Lezo, Oiartzun, Pasaia eta Usurbilgo alkateek prentsa oharra bidali dute San Marko Mankomunitateko polemika argitzeko. Eta azaldu dute, udalerriok dagokiena ordaintzeko prest daudela, baina ez, jasotzen ez duten zerbitzu batengatik: «Egunotan Denis Itxasok gure herriei buruzko informazio faltsua argitaratu du, berriz, zorraren zenbatekoa puztuz eta arazo honen aurrekari eta testuingurua isilduz; izan ere, beti egon gara gure partea ordaintzeko prest, baina soilik jasotzen ditugun zerbitzuei aurre eginez, San Marko Mankomunitateko batzarrak onartu zituen hitzarmenetan jasotzen den bezala».
Ekonomikoki zigortu
Aurrekarien berri ere eman dute: «Sei udalerriok hondakinak Atez Ate biltzeko erabakia hartu genuen, birziklatze tasak %30etik %80ra igoz, baina tamalez, erabaki hau ez zuen babestu San Markoko Mankomunitatea modu ez-naturalean gobernatzen duen Denis Itxaso PSEko kideak, eta lehenengo momentutik Atez Ateko bilketaren kontra jarri zen. Udalerri hauek ekonomikoki zigortzea erabaki zuen. Nola? gure herrietako atez ateko bilketaren gastu guztiak gure gain hartzera behartuz eta, hori nahikoa ez balitz, gainerako udalerrien (Donostia, Errenteria, Lasarte eta Urnieta) edukiontzien bidezko sistema denon artean ordainaraziz».
Horren aurrean, San Marko Mankomunitateko aurrekontuei helegitea jarri zieten sei udalerriek eta mankomunitateak luzatzen zizkien hainbat faktura gelditzea erabaki zuten, udalerriok mankomunitatearekin sinatutako hitzarmenak bete zitezen aldarrikatzeko: «Fakturak hitzarmenen arabera egokitzeko eskaera egin diogu Denis Itxasori behin eta berriz, baina ezetz esan digu beti. Mankomunitatea bere kortijoa balitz bezala gobernatzen du, erabakiak dekretuz inposatuz eta modu artifizialean mantenduz herrien arteko desorekak. Atez Ateko bilketaren aurka ahal zuen guztia egingo zuela esan zuen eta horretan dabil. Denis Itxasori eskatzen diogu alderdikeriak alde batera uzteko eta, behingoz, mankomunitate barruan dituen arazoak konpontzeko».