Astebete barru hasiko dira urbanizazio lanak behekaldeko auzunean

Kronika - Erredakzioa 2014ko azaroaren 8a

Ereñotzuko behekaldeko auzu­nea egokitu eta urbanizatu egingo du Auzo Udalak; 17, 18, 19, 20 eta 21 atarietako ingurua. Zehatz esa­te­ko, auzuneko ur zikinak Ur­umea­ko kolektorera bideratzeko lanak egingo dituzte eta ondo­ren, ingurua txukundu­ko dute. Bi fasetan banatu dituzte lanak, aurrekontuak baldintzatuta. 385.000 euroko obra izango da.
Lehenengo faseko lanak aza­roaren 17ko astean zehar has­te­koak dira eta 6-7 bat astetan buka­tuta egotea aurrei­kus­ten dute. Fase hau, 17, 18, 19 eta 20 atarien inguruan egingo da. «Berez, kanpotik ikusita, biga­rren faseko inguruak pre­mia gehiago du, baina aurrekon­tuagatik erabaki da zati honekin hastea. 102.000 euroko kostua du fase honek, eta horixe ordain­tze­ko adina dugu aurten», azaldu dute Imanol Lizeaga eta Aritz Zerain Auzo Udaleko kideek. Bigarren faseari ahalik eta azkarren ekin nahi diote eta finantziazioa lortzeko lanetan dabiltza. Auzo Udalaren helbu­rua da, urte hasieran ekitea bigarren faseari. 3 hilabeteko lana izango litzateke.

2005eko proiektua, egokituta
Behekaldeko auzunea egokitzeko proiektu hau ez da guztiz berria. 2005ean ere prestatu zen proiek­tu bat. Halaxe azaldu dute Lizea­gak eta Zerainek: «Auzo Uda­la sortu aurretik, beste proiektu bat egiteko asmoa zuen Hernaniko Udalak. Araztegi txiki bat jar­tze­ko asmoa zegoen ber­tako etxe­bizitzetako ur zikinak biltzeko. Añarbek ezetz esan zu­en, ordea. Ur horiek bildu eta Uru­meako kolektorera eraman behar zirela esan zuen. Hori horrela, proiektua gelditu egin zen».
Bitarte honetan, Añarbek Urumeako kolektorearen sarea zabaldu egin du. Sarea, Irrintzi taberna pareraino iristen da. Txilibita parean, ibaiaren beste aldera pasatzen da zubitik eta handik atzeko bidean zehar dijoa Fagollagaraino. Bidea egin zenean aprobetxatu zen hoditeri guztia pasatzeko. Fagollagan, berriz, ibaiaren azpian lurpera­tuta pasatzen da ur zikinen hoditeria eta Epeleraino doa. Han Loiolako araztegira doan kolektorearekin bat egiten du. Hala ere, auzuneko ur zikinak biltzeko ez dago ezer eta Auzo Udalak orain dela 10 urteko proiektua egokitu egin du. Eraiki enpresa arduratu da horretaz.
«Ikusi dugu, kolektorea hor edukita, egokiena dela auzuneko urak bildu, bonbeo bat jarri eta ur horiek kolektorera bideratzea. Auzune hori, saneamendu sare­ra lotuko da, ur zikinak Epeleko ko­lektorera eramateko. Txukun­ta­sun eta ikuspegi ekologikotik, penagarria da horrela edukitzea auzunea. Eta horretaz gain, ur­ba­nizazioa ere beharrez­koa da. Proiektu honekin dena egingo genuke», azpimarratu dute.

Finantziazio bila
Lanak bi fasetan banatzea era­baki du Auzo Udalak: «385.000 euroko lana da eta Auzo Udalak ezin du dena bere gain hartu. Proiektua bi fasetan zatitu dugu eta orain lehenengo fasearekin hasiko gara. 102.000 euroko lana izango da. Bigarren fasea, berriz, jarraian egiteko asmoa dugu. Gure asmoa da datorren urte hasieran hastea lanekin. Eta horretarako, finantziazio bila gabiltza», azaldu dute Lizeagak eta Zerainek.
Gipuzkoako Diputazioak 29.000 euroko diru laguntza emango diela gaineratu dute, lehenengo faserako, eta Eusko Jaur­laritzari ere eskatuko diote­la, Erein laguntza. Horrez gain, kre­di­tua lortzeko negoziatzen ari dira.

«Orain, putzu septiko batzuetara bideratzen da ur zikina. Garrantzitsua izango da txukuntasun eta ikuspegi ekologikotik»

Auzotarrekin hitzarmenak
Orokorrean, proiektu hau jen­deak gustora hartu duela iru­ditzen zaie Auzo Udaleko kideei, «beharra badagoelako». Baina presaka ari ote diren sentsazioa ere ba omen dute batzuek: «Kontua da, diru laguntzak jasotzeko hasi beharra dagoela».
Auzotar guztiekin hitz egin dute proiektuari buruz eta hitzarmenak ere lortu dituzte. «Izan ere, zati batzuk publikoak dira eta beste batzuk pribatuak… Azkenean, erabilera hitzarmen bat sinatu dute, era­bilera zortasuna deitzen zaiona. Nolabait esateko, auzotarrek pasoa libre utzi beharko dute, trabarik ezingo dute jarri, eta mantenimendua Auzo Udala­rena izango da», diote.

Obra garrantzitsua
Lanei dagokienez, auzune hori dena altxako dute. Alde batetik, auzune horretako ur zikinak bilduko dituen tuberia jarriko dute. Eta bestetik, euri urak bilduko dituen tuberia. Azken horiek, ibaira isuriko dira, orain arte bezala. Ur zikinak, berriz, bonbeo batekin bideratuko dira kolektorera eta bonbeo hori, Kabi Txiki eta 19 etxebizitzaren artean jarriko dute. 3 metroko sakone­ran egongo da. Bonbak, 78 metroko inpulsioa izango du kolektorearekin konektatzeko eta 9 metro igoko du ura. Horrez gain, argiteria ere lur azpitik pasatzeko aprobetxatuko dute.
Orain arte nola funtzionatu izan duen ere azaldu dute: «Euri urak ibaira bideratu izan dira eta ur zikinak, putzu septiko batzuetara. Usain txarra ere eragiten du horrek, besteak beste. Obra garrantzitsua izango da, esanahi haundikoa, ur zikinen pilaketa horrekin bukatuko baita».
Obra hau eginda, Epele geratuko litzateke osatzeko, saneamendu sarera lotuta geratzeko. Asmoa ere bada proiektu hori aurrera eramatea.

Bigarren fasean, kanpoko aldaketak
Kanpoko itxurari erreparatuz, lehenengo fasean ez dela hain­beste nabarituko azaldu dute. «Bigarren fasea izango da berez, kanpotik gehien nabarituko dena, 20 zenbakiko portalaren atzealdea eta futbol zelaiaren ingurua baitaude egoera kaxka­rrenean eta bertan izango dira aldaketa gehienak».
Proiektua bukatzean, honako aldaketak izango dira: lurra, aglomeratu asfaltikoa izango da; kanalean dagoen itxitura guztia berritu egingo da; farola gehiago jarriko dira eta led argia izango dute, hau da, kontsumo baju­koak izango dira; aparkalekuak pintatuko dira, horietatik 2 ezinduentzat; espaloiak ere mar­katuko dira, nahiz eta koskarik ez izan... Aparkalekuen gaiaren inguruan, auzotarrek zalantza batzuk azaldu dituzte: «Proiektuan 33 aparkaleku azaltzen direla esan digute eta gutxitxo direla. Espaloiak direla eta, orain aparkatzen duten lekuan ezingo ote duten aparkatu ere galdetu digute. Guk orain arte bezala izango dela esan nahi dugu eta lasai egoteko. Txukuntasun bat eman nahi diogu auzuneari, baina orain arte arazorik sortu ez bada, berdin jarraitzeko moduan izango dira».
Horrez gain, espaloia jarriko da auzunera sartzeko aldapa haundi horretan. Eta oso irteera txarra dela kontuan hartuta, aldapa moldatu egingo da pixka bat. Espaloiarekin batera, barandila ere jarriko da zati batean.

Fagollagako espaloia eta Ereñotzuko konkorrak
Trafikoari lotutako obrak ere badira. Fagollagan espaloia jartzeko, Diputazioak egingo ditu lanak. Hitzarmenak lortu dituzte dagoeneko auzotarrekin. Lurrak bere esku dauzka Diputazioak eta urte bukaerarako proiektua esleitu edo adjudikatuko du. 2015ean hasiko dira lanekin. Bi hilabeteko iraupena izango dute.
Horrez gain, abiadura motel­tzeko konkorrak ere jarriko dituzte Ereñotzun. Urtea bukatzerako jar­tzeko asmoa du Auzo Udalak. Hiru jarriko dituzte: futbol zelaiaren parean, Txilibita eta Lonja tartean eta autobus geltokiaren inguruan.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!