Partidu bakarrera jokatuko dute dena, Zeberio IIk eta Endika Barrenetxea hernaniarrak, Binakako Txapelketan. Etxeberria IV eta Etxeberria IIIrekin lehiatuko dute semifinaletarako azken txartela, elkarren arteko partiduan.
Etxeberriatarrek, beste partidu bat ere jokatuko dute gaur, Uterga eta Endikaren kontra: «partidu horren pendiente egongo gara», dio Endika Barrenetxeak, «baina emaitza edozein dela ere, azkeneko partiduan jokatuko dugu dena».
Juxtu-juxtu galdu, baina aukerak mantendu
Ostegunean jokatu zuten Zeberiok eta Barrenetxeak, eta 39-40 galdu zuten, Ezkurra II eta San Miguelen kontra. 17-31 joan ziren galtzen, eta buelta ematea lortu zuten: «39-38 jarri ginen, eta azkenean, zorteak eman zien partidua». Aukerak, behintzat, mantendu zituzten, semifinaletara pasatzeko. 8 punturekin daude, eta 6 dituzte Etxeberriatarrek.
Azkeneko partidu horretan, irabazteko aukera asko ikusten ditu Barrenetxeak: «galduta ere, osteguneko partiduak konfiantza eman digu».
«Goraka goaz, gero eta hobeto konpenetratzen ari gara»
Txapelketa hasiera zaila izan zuten, Zeberiok eta Barrenetxeak: «ez ginen momentu onenean iritsi, eta elkarrekin aspaldi jokatu gabeak ginen. Baina pixkanaka, bakoitzak bere lekua hartu du, eta gero eta hobeto konpenetratzen ari gara. Goraka goaz».
Horregatik, konfiantzaz beteta iritsiko dira azken partidura: «baina final bat bezala izango da, eta presio horrekin, edozer gertatu daiteke».