‘Koxka partidaren’ zati bat, Lizeagako oztopoak konpontzeko

Kronika - Erredakzioa 2014ko azaroaren 15a

Aurrerantzean, kontuan hartuko dira Koxkaren esanak eta txostena, edozein obra egiteko. Aurretik dauden arazoak konpontzeko, berriz, 60.000 euroko partida bat gorde zuen Herna­ni­ko Udalak, 2014 urteko au­rre­­kontuetan: Koxka partida.
Partida horren kudeaketa, Udalak hartu zuen bere gain: «konponketa eta aldaketa batzuk egin dituztela badakigu: kiroldegiko, udaletxeko eta Biteriko sarreretan ate automatikoak jarri dituzte, zebrabide batzuen koxka konpondu...», dio Kike Pa­rrak, Koxkako presidenteak.

Gainerakoa, Lizeagako auzo elkartearen esku
60.000 euro horietatik, zati bat erabili du Udalak, eta gainerakoa (28.000 euro inguru), Lizeagako auzo elkartearen esku utzi du. Izan ere, Lizeaga da oztopo gehien dituena: «oso gaizki dago, gurpildun aulkian ibiltzeko, eskailerak baino ez daude. Edozein tokira joateko, sekulako buelta eman behar izaten dugu».
Auzo elkarteak eta Koxkak elkarlanean, txosten bat osatu dute, auzoan konpondu beharreko arazo guztiekin. Horretara bideratuko dira 28.000 euro horiek.

30.000 euro gehitzeko proposamena, 2015ean
Herrian dauden oztopo guztiak konpontzeko, 60.000 euro ez dira nahikoak, Koxka elkartearen ustez. Horre­gatik, 30.000 euro gehiago gordetzeko proposamena egin dute, 2015eko aurrekontu parte hartzaileetan.

2015eko aurrekontu parte hartzaileetan, ‘Koxka partidari’ 30.000 euro gehitzea eskatu da.

Partida hori lortuko balute, Koxka elkarteak berak egingo luke horren kudeaketa: «60.000 euroekin, Udalak erabaki du zer egin; oraingoan, guk izan nahi dugu hitza, zein konponketetara bideratu erabakitzeko. Horretarako, obra ezberdinen aurrekontuak eskatuko ditugu, eta erabaki zein konponketa egingo ditugun».
Kike Parrak uste du, denentzako onena dela: «Udalak ez du lan hori hartu behar, eta guk erabakitzen dugu zertarako erabiltzen den dirua».

Bilerak, astelehenetan
Dauden arazoak eta egin beharreko konponketak eztabaidatzeko, Biterin biltzen da elkartea, hilabeteko lehenengo eta hirugarren astelehenean, arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara: «edozein etorri daiteke, eta arazoren bat ikusi badu herriko tokiren batean, gurekin konpartitu». yy

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!