«Hernanin, toki askotara joatea ezinezkoa zaigu, gurpildun aulkian gabiltzanoi. Oztopoz beteta dago herria, Tourmalet eta Mortiroloz beteta. Aldapa gogorregiak, zebrabideetako koxkak, eskailerak...», azaldu du Kike Parrak, Koxka elkarteko presidenteak. Desgaitasunen bat duten pertsonen Hernaniko elkartea da Koxka, eta protokolo bat osatu du azken bi urteotan, arazo horiei aurre egiteko. Azkeneko plenoan, Udalak protokoloa onartu zuen, eta ordutik indarrean dago.
Zer dio protokoloak?
Udalak, edozein proiektu, obra edo zerbitzu burutu behar duenean, desgaiatasunak dituzten pertsonei kalterik ez egitea da protokoloaren helburua. Horretarako, batetik, aurrez kontsultatu beharko dute Koxka elkarteak 2011 urtean argitaratutako txostena, eta bertan jasotako arazoak kontuan hartu, lanak egiteko garaian; eta bestetik, Koxka elkarteari eman beharko diote lanen berri, oniritzia eman dezan.
Hortaz, Udalak egiten dituen obrek, Koxka elkartearen onespena izango dute, eta zuzenketen beharra saihestuko da: «askotan, lanak gaizki egiten dira, desgaitasunen bat dugunon kaltetan, eta kexa aurkezten dugunean, zuzendu behar izaten dute. Protokoloa jarraituta, alferrikako gastu horiek aurreztuko dira».
«Askotan, lanak gaizki egiten dira, desgaitasunen bat dugunon kaltetan, eta kexatzean zuzentzen dute. Protokoloarekin, alferrikako gastu horiek aurreztuko dira».
«Orain 20 bat urte hasi ginen lanean, herria hankaz gora zegoelako»
Orain bi aste onartu dute protokoloa, baina kontua aspalditik dator. Duela 20 urte inguru jarri ziren lanean, Kike Parra eta Martin zabalegi: «herria hankaz gora zegoen, ezinezkoa zitzaigun Hernanin barrena mugitzea. Edozertarako, laguntza eskatu behar genuen. Eta aurkitzen genituen arazoak udaletxean salatzen hasi ginen, konpondu zitzaten».
Hortik gutxira, Begoña Simon batu zitzaien, eta astelehenetan elkartzen hasi ziren. Orduan, Elkartu desgaitasunak dituzten pertsonen Gipuzkoako elkarteak egin zien proposamena: sortu zezatela elkarte bat. Kasu egin zioten, eta izen egokiena jarri: Koxka, herrian zeuden koxkengatik.
Oztopo guztiekin, txostena
Topatzen zituzten oztopo guztiei, argazkiak egin zizkieten, Parrak eta Zabalegik, eta udaletxera eraman zituzten: «80 argazki inguru aurkeztu genituen. Baina arazoak konpondu ez, eta argazkiak galdu zirela esan ziguten». Horregatik, beste bide bat jorratu zuen elkarteak: txosten bat osatu zuten, oztopo guztiak bilduz. Hain justu, txosten hori da protokoloak oinarri bezala hartu duena.
Lehentasunak markatzen hasi ziren hurrena. Alegia, zehaztu zein ziren berehalakoan konpondu beharreko arazo horiek. Eta garai hartan bururatu zitzaien, gauzak oso gaizki egiten zirela: «proiektuak egitean ez zuten gurekin kontsultatzen, eta gero, kexak jasotakoan, zuzendu egin behar zuten. Hortik bururatu zitzaigun protokoloaren ideia».
Alderdi politiko guztiak, ados
Obra edo zerbitzuetan, Udalak nola jokatu behar duen finkatu nahi zuten, berriz horrelakorik ez gertatzeko. Bilerak egin zituen elkarteak, eta erabaki zuten protokolo bat proposatuko ziotela Udalari.
Azken bi urteotan, bilerak egin dituzte Udalarekin, protokoloaren nondik norakoak zehazteko. Osatu duten testuak alderdi guztien oniritzia jaso du, eta Udaleko plenoak aho batez onartu zuen protokoloa, urriaren 28an. Egun horretatik dago indarrean: «aurrerantzean edozein obra egiteko, arduradunak derrigortuta daude Koxkaren txostena errespetatzera, eta obraren proiektua elkarteari pasatzera, gainbegiratu eta oniritzia emateko», azaldu du Parrak.
Bilera publikoetarako tokia, denontzat egokia
Bilera publikoak deitzeko garaian ere, kontutan hartuko beharko dute protokoloa. Izan ere, bertan zehazten da, bilerak egiteko toki egokia aukeratu behar dela, desgaitasunen bat duten herritarrak joan ahal izateko.
Berdin komunikatzeko garaian ere: «hizkera erraza erabili beharko dute, eta horrek ez digu eragiten soilik desgaitasunen bat dugunoi, edozein herritarri baizik».
«Hernanin, aldapa batzuk oso tenteak dira. Gurpildun aulki elektrikoarekin, tira... Baina aulki manual batekin, Hernanin hilda zaude, ezin zara mugitu».
«Ez gara subnormalak, ezta gaixoak ere»
Komunikazioaren arloan, hain justu, beste zenbait jarraibide finkatu dituzte. Esaterako, kontuan hartu beharko dituzte desgaitasun bisuala duten herritarrak, edozein akta, egitasmo edo agiri bidaltzeko, edo posta elektronikoz komunikatzeko; eta bileretan, Udal ordezkariek bere burua aurkeztuko dute, desgaitasun bisuala dutenak errazago jabetzeko bizitzen ari diren egintzaz.
Terminologiari ere egiten dio erreferentzia, protokoloak. Udal ordezkariek errespetuz jokatu beharko dute, eta desgaituak erabili ordez, desgaitasun fisikoa duten pertsonak esan; subnormalak edo defiziente mentalak beharrean, desgaitasun intelektuala duten pertsonak... «Paralisi bat edukitzeagatik, ez gara subnormalak, ezta gaixoak ere», kexatzen da Parra.
Eguneroko oztopoak konpontzea helburu
Protokoloaren bitartez, lortu nahi da egunerokoan topatzen dituzten oztopo eta arazoak konpontzea: «banku batean kontua baldin badaukazu, eta bertara sartzeko eskaloia badago, kontua kendu behar duzu. Erosketak egiteko berdin, leku konkretuetara joan behar duzu. Eta kafe bat hartzeko ere, arazoak dauzkazu».
Koxka eta aldapekin dauzkate trabarik haundienak: «aldapa batzuk oso tenteak dira. Gurpildun aulki elektrikoarekin, gaitzerdi... Kostata, baina igotzen ditugu, eta jaisteko ere, eskerrak frenoei. Baina aulki manual batekin, Hernanin hilda zaude, ezin zara mugitu».
Tourmaletak, Mortiroloak eta Alpe d’Huezak nonahi
Aldapa eta koxka horiei, txirrindularitzako igoera ezagunen izenak jarri dizkiete: «Lizeaga auzoan, zailtasunez betetako zonalde bati Tourmalet deitzen diogu, eta Ave Maria Parkera igotzeko aldapetako bati, Mortirolo. Alpe d’Huez eta beste hainbat ere badauzkagu Hernanin. Izan ere, guretzako ezinezkoa da horiek gainditzea». yy