Hernani, Astigarraga, Lezo, Oiartzun, Pasaia eta Usurbilgo alkateek prentsa oharrean diote «San Markoko mankomunitatean modu ez-naturalean gobernatzen duen Denis Itxaso PSEko kidea lehen unetik Atez Ateko Bilketaren kontra jarri zen. Sei udalerri hauek subiranoki hartutako erabakiaren kontra egin ezinik, hauek ekonomikoki zigortzea erabaki zuen».
Horregatik, Denis Itxasori eskatzen diote «mankomunitatearen fakturak hitzarmenaren arabera egokitzeko».
«Edukiontzien bidezko sistema denon artean ordainarazi nahi digu»
Sei udalerriek helegitea jarri zieten San Marko mankomunitateko aurrekontuei «gure herriek ordaindu beharreko kopuruak ez zetozelako bat jasotzen genituen zerbitzuekin. Eta helegitea jartzearekin batera, mankomunitateak luzatzen zizkigun hainbat faktura geldiaraztea erabaki genuen, sei udalerriok mankomunitatearekin sinatutako hitzarmenak bete zitezen aldarrikatzeko».
Hain zuzen, sei alkateek diote Denis Itxasok ekonomikoki zigortu dituela Atez Ateko sistemaren alde egindako herriak «Atez Ateko bilketaren gastu guztiak gure gain hartzera behartuz, eta hori nahikoa ez balitz, gainerako udalerrien (Donostia, Errenteria, Lasarte eta Urnieta) edukiontzien bidezko sistema denon artean ordainaraziz».
«Denis Itxasok gure herriei buruzko informazio faltsua argitaratu du zorraren zenbatekoa puztuz».
Era berean, salatu dute: «Denis Itxasok gure herriei buruzko informazio faltsua argitaratu du zorraren zenbatekoa puztuz». Eta gaineratu dute: «beti egon gara gure partea ordaintzeko prest, baina soilik jasotzen ditugun zerbitzuei aurre eginez».