Norberto Almandoz Musika Eskolatik hainbat talde sortu dira: 7 T’erdik, Ttakun, Betak, Dobat, Aire-aire, Tolare, CD Montre, Eira... Ikasleek, irakasleen laguntzarekin sortutako taldeak dira. Eta azpimarratzekoa da CD Montrek eta Eirak hartu duten martxa. Astigarragan hainbat emanaldi eskaini dituzte eta baita herritik kanpo ere: Donostian, Hernanin, Pasaian...
Eirak, batez ere, pop rocka
Taldearen estiloa definitzerakoan, batez ere, pop rocka jotzen dutela azaldu dute Eirako kideek, baina beste estilo batzuk ere sartzen omen dituzte: «Denetik jotzen dugu. Tarteka folka ere bai eta baita heavya edo metala ere. Gustatzen zaiguna jotzen dugu». Taldeak, honakoak: «Scorpions, Metallica, Bon Jovi, Led Zeppelin, Laboa, Itoiz... Abesti gehienak ingelesez izaten dira eta 70-80 hamarkadako taldeak», diote.
Beraien abesti propiorik ez dute, oraingoz: «Bertsioak jotzen ditugu. Abestiak sortzeko denbora asko behar da eta guk ez dugu. Bakoitzak bere gauzak dauzka eta astean ordu eta erdiz bakarrik elkartzen gara. Baina etorkizunean, batek daki», bota dute.
7 lagunek osatzen dute Eira taldea eta 7 urte daramazkite elkarrekin. Taldea, ordea, aurretik ere bazen. Orain dela 14 urte sortu zen Gurma izenarekin eta gero, Anitz izena ere izan zuen. Taldeko kideak aldatuz joan diren bezala, izena aldatzen joan dela azaldu dute.
CD Montrek, rocka
CD eta ze pasatzen da!? hitz eta ideia nahasketatik dator CD Montre izena. Bost lagunek osatzen dute taldea eta bi urte dira sortu zela. Rock bertsioak jotzen dituzte: The Rolling Stones, Fito & Fitipaldis, Platero y tú, Nirvana, Van Morrison... Michael Jacksonen abestiak ere jotzen omen dituzte eta berari baino hobeto ateratzen omen zaizkie: «Eta dantza ere bai!», gaineratu dute, umorean.
Michael Jacksonen abestirik ez, baina Plateroren Hay poco rock’n roll entzuteko aukera izan du Kronikak, zuzenean. Eta egia esan, talde bilbotarraren bertsio bikaina eskaini diote. «Ateratzen zaigun onena da», aitortu dute bukatzerakoan, barrez.
CD Montrek ere ez du abesti propiorik, baina ez dute baztertzen aurrerago zerbait sortzea. Facebooken orria badute, taldea jarraitu nahi izanez gero.
Bi taldeek,
ondo pasatzea helburu
Bi talde hauetan, maila jakina duten ikasleak dabiltza. Taldean jotzea, beste pauso bat dela azaldu dute irakasleek: «Bakoitzak bere instrumentua jotzen ikasteaz gain, taldean jotzea zer den ikasten dute».
Horrez gain, helburua, ondo pasatzea dela diote taldekideek: «Guk ondo pasa eta jendeak ondo pasatzea nahi dugu, besterik gabe. Ez dugu anbizio gehiago». Eta orain arte, jendearen erantzuna ona izan dela azaldu dute. Horri eutsiz, emanaldiak eskaintzeko prest daude eta Musika Eskolaren bidez jarri daiteke beraiekin harremanetan, besteak beste.
Musikalean, asteartean
Santa Zezilia badatorrela gogoratuz, Musika Eskolako ikasleek Musikalean eskainiko dute datorren asteartean. 18:30etatik 19:00etara, kalejira egingo dute eskolatik abiatuta eta bukaeran emanaldia izango da Foru plazan.