Antzerki gosez diren hernaniarrek asetzeko tartea izango dute datorren astean. Urteroko legez, hiru antzezlan ikusteko aukera izango da Biterin, Antzerki Zikloaren barruan: HappyEnd, Zazpi aldiz elur eta Figuranteak. Biterin izango dira guztiak, 20:00etan hasita.
Sarrerak, goiz eta arratsalde
Azaroaren 18, 19 eta 20an izango dira saioak, eta izaten duten arrakasta ikusita, astebete lehenago jarriko dituzte sarrerak salgai. Beraz, gaurtik egongo dira salgai, Biterin. Erdiak goizean jarriko dituzte salgai, 09:00etatik 13:00etara, eta beste erdiak arratsaldean, 18:00etatik 20:00etara. Gogoratu dute, azken urteetan aurreneko egunean saldu izan direla sarrera gehienak.
Prezioei dagokienean, egun bakarreko tiketak 7 euro balio du; eta 3 eguneko bonoa hartuz gero, prezioa 16,50 eurokoa da.
‘HappyEnd’
Azaroak 18, Gaztelaniaz
HappyEnd elkarte bat da, suizidei helburua betetzen laguntzen diena. Beste kideren bati bere buruaz beste egiten lagunduz gero, zure momentua iristean, zuk ere izango duzu laguntza. Krisiaren ondorioz, urte ederrak bizi izan ditu elkarteak. Azken brote berdeek ordea, suizida kopurua gutxitu dute. Mundua krisia gainditzen hasi denean, HappyEnd bertan murgiltzen ari da.
‘Zazpi aldiz elur’
Azaroak 19, Euskeraz
Zazpi aldiz elur lagun arteko bilgune baten antzeko zerbait da. Denok dugu gogoan, neguko gau elurtu batean bizitutako pasarteren bat. Leihotik sartzen den dirdirak adierazten digu, elurrez inguratuta gaudela. Denbora gelditu dela dirudi, argi bero eta txiki bat piztuko dugu, elkarrekin egoteko gogoa izango dugu, barre egitekoa... Eta denok kantuan hasiko gara, Laboaren kantu bat noski.
‘Figuranteak’
Azaroak 20, Euskeraz
Euskal Herri sakoneko herrixka baketsu batean kokatzen da pelikula. Bizitza egun batetik bestera aldatuko zaie, zinema ekoizle bat, aurrekontu haundiko filma grabatzera etorriko baita. Egoera zoro eta dibertigarri asko biziko dituzte, eta guk, pelikulako bi figuranteen begietatik ikusiko ditugu. Erakutsiko digute, bizirik irauteko beharrek nola eragiten duten pertsonen bizimoduan.