Garai batean, Aranoko festak San Martin egunaren bueltan izaten ziren, Santiotan beharrean. Eguraldiaren eraginez eta eguna motzagoa zelako aldatu zituzten udarara herriko festak. Urte pila omen dira hori aldatu zela. Orain dela 8 bat urte, berriz, festen komisioko gazte batzuk San Martin eguna ospatzeko saiakera egin zuten. Ordutik, eguneko festa antolatzen dute San Martin egunaren bueltan. Festa hori, gaur izanen da eta urtero bezala, talo eta gaztain errerik ez da faltako, 20:00etatik aurrera.
Ana Mari Ansa, Esther Legarreta eta Kristina Ursua aritzen dira taloak egiten, beste hainbat herritarrekin batera. «7 bat lagun aritzen gara talotan. Eta beste batzuk gaztainak erretzen. Denak denean ibiltzen gara, ahal dugun moduan laguntzen», diote. Eta halaxe, laguntzeagatik hasi omen ziren taloak egiten: «Gazteak hasi ziren. Laguntza behar zutela ikusi genuen eta gu ere hasi egin ginen. 6-7 urte izanen dira hasi ginela».
Aranoko taloa, fina
Aranoko taloa nolakoa izaten den azaldu diote Kronikari eta nola egiten den ere bai. «Talo finak egiten ditugu hemen. Beste herri batzuekin konparatuta, hemengoa oso fina da. Goizuetan, adibidez, askoz lodiagoak egiten dituzte. Neri asko gustatzen zait hemengo taloa», dio Kristinak.
Irina kanpotik ekartzen dutela azaldu dute, nahiz eta saiakerak egin Aranokoa lortzeko: «Gaur egun, arto gutxi dago Aranon. Guk badugu eta urte batean gure etxeko artoarekin egindako irina ibili genuen, baina azken urteetan ez dugu lortzen. Xomorroa, mariposa egiten zaio artoari eta aleak barrutik hutsak egoten dira; janda», azaldu du Ana Marik.
Ekartzen duten irina oso fina eta kalitate onekoa dela azaldu dute. Irin horrekin, orea egin behar izaten da eta masa goxoa egiteko Aranon esku onekoak badirela azaldu dute: «Irinari ura berotua botatzen zaio. Berotua, baina irakin gabea. Gatza ere bai eta gero dena ongi nahastu behar izaten da. Ez du besterik, baina ongi amasatu behar da. Kristinak oso esku ona du horretan», azaldu du Estherrek.
Hirugiharra, gazta, txistorra eta txokolatea izanen dira aukeran. Sagardoa txotxetik eta gaztainak, postrerako.
Gero, forma eman behar izaten zaio oreari. Eta hor ere eskuak zerikusia du talo goxo eta itxurosoa ateratzeko. Dena dela, politak edo itsusiak, denak gustora jaten dituztela azaldu dute: «Gainera, hasieran, umeak aritzen dira. Asko gustatzen zaie taloak egitea. Eta haiek nahi duten formakoak egiten dituzte», diote.
Masa egin ahala erretzea oso garrantzitsua dela ere azaldu dute: «Bestela masa lehortu egiten da, zekendu». Erre berriz, plantxa aurretik berotua dagoela egin behar da. Taloa ona den seinale izaten omen da erretzen ari den momentuan, altxatzea. Eta taloa pixka bat gorritzean, lixto, jateko moduan! Tartean zer sartu, bakoitzaren aukera!
Jende asko
San Martin eguneko festan, jende asko biltzen dela azaldu dute hiru aranoarrek eta oso giro polita izaten dela. «Jende asko biltzen da. Umeekin ere etortzen dira asko, orain ume asko baitugu. Eta izatez bertakoa dena, baina gaur egun kanpoan bizi dena ere etortzen da. Noski, eguraldiak ere zerikusia du, baina normalean jende asko izaten da». Horrelako aukera edukita, zein ez da ba gerturatuko! Hirugiharra, txistorra, gazta eta txokolatea jartzen dira aukeran, taloarekin jateko. Sagardoa txotxetik ere bai, eta postrea, gaztain erreak. Guztia, borondatearen truke.
Eta ez da talo jatea bakarrik izaten: «Beti, zerbait kulturala ere antolatzen da: erakusketak, argazki lehiaketa, umeentzako ipuin kontaketa... Oraingoan, Aranoko erlojuari buruzko hitzaldia izanen da», azpimarratu dute.
Zenbat talo egin ohi dituzten ez dakite, baina 20 bat kilo irin ekartzen dituzte eta 25 kilo inguru gaztain. Gaueko 22:30ak ingurura arte ariko dira, «jendeak nahikoa jan arte».
Taloa lehen, eguneroko jakia
Garai batean Aranon arto pila izaten zela azaldu dute Estherek eta Ana Marik: «Lehen Aranon izaten zen: artoa, babarruna... Zelaiak eta zelaiak. Taloa eguneroko jakia zen: gosaltzeko taloa esnearekin, bazkaltzeko, meriendatzeko eztiarekin… Eta arto irina, taloa egiteko izateaz gain, animaliei emateko ere izaten zen. Animaliak horrela gizentzen ziren, orduan ez zegoen pentsurik. Irina denerako behar zen. Hori bai, zakarragoa izaten zen animalientzat. Errotaren graduen arabera izaten da eta taloak egiteko irin finagoa erabiltzen zen».
Ogiaren ordezkoa zela gogoratzen dute: «Ogi gabe ez dugu ezagutu guk, baina gutxi izaten zen eta ogiaren funtzioa egiten zuen taloak».
Errota ere bazen lehen Aranon. Joxe errotariataz gogoratzen da Esther: «Artoa eraman eta irina ekartzen genuen. Eskolatik aterata makina bat aldiz joanak gara. Suro eta Beheko Herrirako argia ere errotatik jartzen zen. Ilunabarrean pizten zen eta goizean itzali. Argia piztua ere banaiz ni», dio. 50 bat urte izango dira errota utzi zela.
Bestalde, San Martin eguna txerriak hiltzeko eguna ere izan da tradizioan eta gaur egun, lau txerri besterik ez daudela Aranon azaldu dute. Bi etxetan bakarrik daude eta Ana Marik dauzka bi. Eguberri egunean hilko dute bat eta bestea, errege ondorenean.