Umore Ona eguna izanen da gaur, Azaro Kulturalaren barruan. Umore Onako taldeek beren eguna ospatuko dute. Hori horrela, pilota partidak (12:00), futbito partidua (17:30), abesbatzaren emanaldia eta dantza saioa izanen dira (19:00). Horrez gain, antzerkia ere eskainiko dute Aresoko herritarrek: Aresoko Harria. 17:30etan izanen da Ganbaran.
Goizuetari buruzko tesia, Montesinosen eskutik
Lidia Montesinos antropologoak (Bartzelonako Unibertsitatea) Goizuetako ondare komunalen inguruko doktoradutza tesia egin du eta horixe aurkeztuko du ostiralean.
Kronikari honela azaldu dio: «Berriz eraiki nahi izan dut propietatearen, jabetzaren historia Goizuetan: nola kokatu zen gizakia bertan, erabilera komunala nola sortu zen, Erdi Aroko borrokak nola izan ziren, XIX mendean izan ziren aldaketak liberalismoarekin eta Estatuaren sorrerarekin, industrializazioaren eragina, pinudien landaketa mendietan… gaur egunera iritsi arte. Orokorrean, aztertu nahi izan dut ze bizimodu mota egon diren orain arte Goizuetan eta gaur egun nolakoak dauden eta aldaketa horietan, ze rol izan duten jabetza harremanek (herritarrek izan dituzten harremanak gauzekin, baliabideekin, ondareekin…)».
2006tik, Euskal Herriarekin lotuta
Nongoa den galdetuta, Montesinosek Alacantekoa dela esan ohi du, leku bat esatekotan, baina asko mugitu izan da txikitatik. Eta 18 urterekin, Valentzian hasi zen Filosofia ikasten eta 3 urte eta gero, Bartzelonara joan zen Antropologia ikastera. Tesi hau medio, Goizuetan eta Iruñan ere bizi izandu da. Eta gaur egun, Donostian bizi da. Azaldu duenez, Euskal Herriarekin duen lotura 2006an hasi zen, bere ikerketa antropologikoa herri euskaldun batean egitea erabaki zuenean: «Euskal Herriari buruz informatzen hasi nintzen eta euskara ikasten ere bai Bartzelonako Hizkuntzen Eskola Ofizialean. 2007an Goizuetara joan nintzen 6 hilabeterako eta ordutik Euskal Herrian jarraitzen dut. Ez nuen imajinatu ere egiten».
Eta zergatik Goizueta?
Bere doktoradutza ikerketa hasteko, Euskal Herriak aukera ederra ematen ziola argi zuen Montesinosek: «Hizkuntzaren gaia zegoen, errealitate politikoa, gatazka politiko-armatua… Horrez gain, nekazal ingurune bat aztertu nahi nuen. Eta Euskal Herria ezagutzeko gogoa ere banuen. Hori guztia kontuan hartuta, lekua zehaztea falta zitzaidan: herri txiki bat behar nuen, nahi nuen ikerketa monografikoa aurrera eramateko. Herri euskalduna izatea nahi nuen, baserriari lotutakoa eta artxibo bat izatea kontsultak egiteko. Lekua erabakitzerakoan, Txemi Apaolaza antropologo hernaniarrak zerikusi haundia izan zuen. Hainbat lekuren artean, Goizueta aipatu zidan eta ezagutzera eraman ninduen. Ezagutu nuenean, segituan konturatu nintzen huraxe zela behar nuen lekua».
Bizi asko duen herria
Atera dituen ondorioen inguruan galdetuta, halaxe dio: «Ideia desberdinak doaz garatzen tesian, jabetza moduei dagokienean, baina lanaren oinarri teorikoak aparte utzita, ikusi dut Goizueta bizi asko duen herria dela, historia askorekin eta herri izaten jarraitzeko gogoarekin, eskola bizirik mantentzeko ahaleginetan eta gazteak bertan bizitzen geratzeko moduaren bila dabilena. Bizitzari buruzko ikuspegi desberdinak daude generazioen eta familia desberdinen artean, eta beraien baliabide naturalak, ondare komunalak, gero eta minorizatuagoak diren bizimodu bati lotuta doaz, eta horregatik, gatazkak egon dira. Hala ere, uste dut borondatea eta gaitasuna badagoela eztabaidatzeko, hitz egiteko eta mahai gainean jartzeko bertan dauden interesak, eta indarrak batzeko etorkizunari begira».
Ikuspegi zabala
Goizuetako historia biltzeaz gain, bere lanean ikuspegi zabalagoa ere eman duela azaldu du Montesinosek eta alde horretatik ere interesgarria izan daitekeela uste du: «Tokiko historia hau testuinguru global batean kokatzen saiatu naiz. Lotu egin dut Goizuetan gertatzen dena egungo antropologiako diskurtso eta teoriekin. Eta aukera ematen dio goizuetar bati bere historia gaur egungo eztabaida teoriko eta politikoetan kokatzeko».
Prozesua luzea eta zaila izan dela azaldu du eta herrian jaso duen laguntza eskertu nahi du. Denera, 6-7 urteko lana izan da. 2013ko abenduan aurkeztu zuen. Lan hau, bide batez, goizuetarrei egiten dien opari bat ere badela azaldu du: «Eskertuz, urte hauetan eman didaten guztia, beraien eskuzabaltasun eta laguntza, beraiek gabe ez baitzen posible izango ikerketa hau aurrera ateratzea».
EGITARAUA
Gaur
Egun osoan, Umore Ona eguna.
17:30, ‘Aresoko Harria’ antzerkia, ganbaran.
Azaroak 14, ostirala
19:30, Lidia Montesinosek Goizuetari buruZko tesia
aurkeztuko du Ganbaran.
Azaroak 15, larunbata
17:00, umeentzako jokoak
plazan.
19:00, ‘Euskararen kate hautsiak’ David Anauten liburuaren
aurkezpena Ganbaran.
Azaroak 21, ostirala
19:30, ‘Euskal Herriko
altxorretan barrena’ Arkaitza Astiazaranen dokumentala, Ganbaran.
Azaroak 22, larunbata
18:00, ‘Sendabelarrak’ Maika Cerderaren hitzaldia, Goxalin.
Azaroak 28, ostirala
19:30, ‘Errimatuz garenera
arrimatuz’ Oskar Estangaren
ikuskizuna, Ganbaran.
Azaroak 29, larunbata
Feria: artisau, nekazaritza
produktu eta azienda.