Behobia-Donostia lasterketa ezaguna izango da bihar (20 km). 10:00etan hasiko da. Aurtengoa berezia izango da gainera, 50 urte betetzen ditu lasterketak eta ibilbide zaharra berreskuratu dute. 30.000 lagun baino gehiagok hartuko dute parte eta horien artean 106 astigartarrak izango dira. Maria Goia eta Eneko Intxausti korrika aterako dira.
Goiak, orain dela 10 urteko Behobia gogoan
Goia hirugarren aldiz aterako da aurten Behobian. Lehenengo aldiz orain dela 12 urte hartu zuen parte eta bigarrenez, orain dela 10 urte. «Haurrak izan nituen eta ordutik ez naiz atera berriz. Azken urteetan, ateratzeko asmotan izaten nintzen, baina maiatzerako ezin izaten dut jakin lana dela eta ateratzeko aukera izango dudan edo ez. Azkeneko momentuan jakiten dut eta aurten zortea izan dut, dortsal batzuk libre geratu direlako», dio.
Beti egin izan duela korrika eta bereziki Behobiarako prestatu ez arren, ondo moldatuko dela uste du Goiak: «Txikitan eskolan ibiltzen nintzen eta gero Atletico San Sebastianen ere ibili nintzen 3 bat urtez. Eta ez dut inoiz utzi. Nik korrika egiten dut gustatzen zaidalako, eta ez Behobian atera behar dudalako. Ia egunero egiten dut. Astean 4-5 aldiz bai, behintzat. Ordubete inguru, normalean, eta asteburuetan, ordu eta erdiz aritzen naiz; 18 kilometro».
«Pena ematen dit; Behobia pasata ez da inor korrika ibiliko»
Behobian zergatik parte hartzen duen galdetuta, halaxe dio: «Beste karrera batzuen artean, Donostiako 10 eta 15 kilometroak egina nintzen eta ondorengoa zen, Behobia egitea. Eta egia esan, orain arte egin izan dudan karrerarik politena da. Jendea animatzen leku guztietan, parte hartze haundia... Hala ere, nik orain dela 10 urteko ikuspegia daukat eta gauzak asko aldatu dira, agian astelehenean beste iritzi bat izango dut».
Eta aldaketei dagokienez, Behobiak eragin duen fenomenoa ez zaiola batere gustatzen aitortu du: «Pena ematen dit. Orain denak korrika ikusten dituzu Behobia datorrela eta, gero astelehenetik aurrera, inor ez da ibiliko. Neretzako helburua da, kirola egitea eta ondo pasatzea. Nik umeei ere hori erakusten diet. Eta ama Behobian ateratzen dela ikustea ere nahi dut. Baina ni hurrengo egunean lanera noa eta bitarte honetan ere bizitza normala egiten dut. Jendeak jai hartzen du hurrengo eguna. Nik uste hori ere aztertu beharko litzatekeela. Behobiak ekartzen dituen ondorioak. Kirola egitea osasuntsua da, baina puntu horretan ez dakit hain osasuntsua den. Denborarekin ere obsesionatua dago jendea. Galdezka ere bai: ze zapatila dauzkazu, ze galtzerdi, ze txip...».
Maratoia, egunen batean
Goiak lasterketa ugaritan hartu izan du parte: «Lasterketa popularrak gustatzen zaizkit eta haurrak eduki aurretik hainbatetan parte hartu izan dut: Donostiako 10 eta 15 kilometroetan, Zarautzeko kros mixtoan, Zizurkilen gaueko lasterketa batean, San Silvestren... Ergobiko krosean ere atera nintzen iaz eta Sagardobideko erronkan ere parte hartu dut aurten, Sagar Uzta festan». Maratoi bat egingo lukeen galdetuta, halaxe erantzun du: «Iruditzen zait, bizitzan gutxienez behin egin beharko litzatekeela. Hurrengo pausoa izango litzateke, baina horretarako ondo prestatu behar zara. Egunen batean egingo dut».
Intxaustik, laugarren aldiz jarraian
Intxaustik beti egin izan du kirola, baina ez espreski korrika. Hiru hondartzak eta San Silvestre egin izan zituen eta Behobiara bere anaiak esanda animatu zen, orain dela lau urte. Biak atera ziren. Ordutik urtero hartu du parte. «Donostia edo Donostia ingurukoa baldin bazara eta korrika egiten baduzu, jende guztiak galdetzen dizu: Ze marka duzu Behobian? Egin beharreko zerbait bezala da. Egina ez baduzu, arraroa zara. Egia esan, tamaina polita dauka, ez da lasterketa zaila eta hain ezaguna izanda, probatu egin nahi nuen. Orain, urteroko hitzordua da», dio.
Intxaustik argi du, ondo pasatzeko ateratzen dela, eta ez konpetitzeko asmoz. Hala ere, behin aterata, erronka batzuk jarri izan dizkiola bere buruari aitortu du: «Lehenengo aldiz atera nintzenean, esan nuen: ea 1:30etik behera sartzen naizen. Eta 1:29 egin nuen. Hurrengo urtean, hobetzeko asmoz, gehixeago prestatu nintzen eta 1:22an egin nuen. Azken urtean, berriz, gaixo egon nintzen eta denbora jakin gabe atera nintzen. 1:28an egin nuen eta gustora geratu nintzen. Aurten, berriz, Bartzelonako lagun batekin aterako naiz. Bere lehenengo aldia da eta lasai joango gara. Ni ere belauneko minez nabil eta ez dut askorik fortzatu nahi. Presiorik gabe aterako naiz», dio.
Abuztutik aurrera, Behobia prestatzen
Intxaustik bere kaxa entrenatzen du, berak dakienarekin eta ingurukoek esaten diotenarekin: «Egia esan, oso entrenamendu orokorrak egiten ditut. Denbora, gogoa... dena ikusi behar da. Hori bai, urtean behin beti, esfortzu proba bat egiten dut».
Behobiara begira, abuztuan hasten da lasterketa prestatzen: «Oporretan egoten naiz eta korrika egiteko denbora izaten dut. Irailetik aurrera, lanarekin eta etxeko zereginekin antolatzen saiatzen naiz eta ahal dudanean egiten dut korrika. Zaila izaten da denbora ateratzea. Normalean astean zehar pare bat aldiz egiten dut korrika, eta asteburuan aprobetxatzen dut ordu eta erdi egiteko».
Kirolean, beti
Intxaustik ez du korrika bakarrik egiten. Bizikletan ere ibiltzen da eta azken urteetan, triatloietan hartu izan du parte. Beti egin izan duela kirola azaldu du: «Txikitan izotz hockeyan aritu nintzen. Jubeniletan, bizikletan egin nituen pare bat urte eta gero, berriz, hockeyan hasi nintzen. Azken urteetan, triatloietan ibili naiz: Donostiako Onditz memorialean, Hondarribiakoan, Aritzalekun... Aurten, ordea, bakarra egin dut. Denbora falta».