Etxean ariko dira Hernaniko neskak gaur, Emakumezkoen Euskal Ligan. Partidu zaila izango dute, ordea, Gasteizko Neskak taldea izango baitute aurkari, 16:00etan. Hirugarren dago talde arabarra, bost partidutik lau irabazi eta bakarra galduta. Hernanik, berriz, sailkapenean behera egin du, indartsu hasi ondoren. Partidu garrantzitsua dute, beraz, gora egiten hasteko.
Mutilek ere hasierako indarra berreskuratu nahi dute. Goiko postuetan jarraitzen dute, 5garren, baina aurrenekoekin tartea zabaldu egin da. Aukera ona dute gaurkoa, Bergarako Agorrosin zelaian, emaitza onak berreskuratu eta tartea txikitzen hasteko. Bergararen kontra ariko dira, 15:30etan. Sailkapeneko erdialdean dago Bergara, 10garren, zortzi partidutik hiru irabazi, hiru galdu eta bi berdinduta.