Hernaniarrez beteko da bihar Behobiatik Donostiarako bidea. 256 herritarrek hartuko dute parte aurten, Behobia-Donostia lasterketa ospetsuan, bakoitza bere helmugarekin: aurrenekoen artean sartzea bilatuko dute batzuek, norbere marka haustea besteek, eta lasterketa bukatzea beste askok. Baina guztiak abiatuko dira lasterketaz gozatzera.
Sergio Roman, gipuzkoar onena izateko asmoarekin
Aurreneko postuetan sartzeko aukera nagusia Sergio Roman izango da, hernaniarren artean. 2007an Iñigo Gebrero (8garren) eta Asier Larrañaga (10garren) aurreneko 10etan sartu zirenetik, bera ibili da postu horietatik gertuen: 19garren 2009an, 21garren 2010ean, 17garren 2011n, eta 16garren iaz.
Sasoiko iritsiko da biharko zitara, eta gipuzkoar onena izatea du helburu. Erronka horretan, Alberto Revuelta, Ander Sagarzazu eta Jon Garraus izango ditu aurkari nagusiak.
Autobusa hartu baino lehen, argazkia egingo du Kronikak 07:50etan atletismo pistan.
Taldeko argazkia, autobusa hartu aurretik
Autobusez joango dira Hernaniko atleta gehienak, Behobiako irteerara. Atletismo pista aurrean hartuko dute, 08:00etan, baina igo aurretik, taldeko argazkia aterako du Kronikak. Zita, atletismo pistan bertan, 07:50etan.
Ibilbidean aldaketak, jatorrizkoa berreskuratzeko
Lasterketaren 50garren edizioa izango da, eta aldaketak egin dituzte ibilbidean, antolatzaileek, Behobia-Donostiaren jatorrizko ibilbidea berreskuratzeko asmoz. Irteera bera, 700 metro aurrerago egongo da, eta berehala hasiko dute Colon pasealekuko aldapa. Gero, Gaintxurizketa ezkerreko errepidetik igoko dute, eta Errenteriara jaitsiko dira, herriko erdigunetik pasaz. Pasaiara iristean, alde batera utziko dute portua, ibilbide gorabeheratsu bat egiteko. Mirakruzen hartuko dute berriz, aurreko ibilbidea.
Aurrenekoak 09:30etan abiatuko dira, gurpildun aulkietan, eta hamar minutu geroago patinetan. Korrika egingo dutenak, 10:00etan hasiko dira ateratzen.