Gipuzkoako egoera gertutik ezagutu nahi du Markel Olanok. Gipuzkoako Aldundirako EAJko hautagaia Hernanin izan zen ostegunean, herritarrek dituzten beharrak gertutik ezagutzeko gogoz. Andoni Amonarraiz izan zuen bidelagun, eta industria, talde, eragile eta beste hainbat sektorerekin biltzeko aukera izan zuten.
Industriari babesa ematea, helburu
Krisi ekonomikoak eta beste hainbat faktorek eraginda, asko dira urte gogorrak bizitzen ari diren enpresak. EAJren helburua da, birsortze industriala babestea, eta bide horretan, Hernaniko Gureola paper fabrika izan zen aurreneko geltokia. Mende bateko ibilbidea eta gero, krisi ekonomikoak eraginda, ateak itxi behar izan zituen Gureola enpresak 2012 urtean. Kataluniako Kartogrup taldeak hartu du orain, eta aste gutxi barru berriz hasiko da funtzionatzen. EAJko ordezkariek azaldu dutenez, jabe berrien nahia da lehen Gureolan aritzen ziren 45 langile errekuperatzea: «proiektua bertatik bertara ezagutzen izan gara, epe motzerako duten plana ezagutu dugu. Eta era berean jakin dugu, 45 langile ohiek zuten lanpostua berreskuratuko dutela».
«Gureolak ateak zabalduko ditu, eta nahia da kalean geratu ziren 45 langile errekuperatzea»
Gureolara egindako bisita pozgarria eta lasaigarria izan dela dio Markel Olanok «bisita pozgarria eta argigarria izan da. Konturatu gara, egoera zail honetan ere, gure kultura industriala erakargarria dela, eta etorkizunera begira inbertsioak egiteko asmoa badagoela».
«Babesa inoiz baino gehiago sentitu behar dute lantegi txiki eta ertainek»
Enpresei babesa emateko garaia dela ere, azpimarratu du Olanok: «babesa inoiz baino gehiago sentitu behar dute, batez ere lantegi txiki eta ertainek. Izan ere, Gipuzkoako lantegi sarearen %90a enpresa hauek osatzen dute».
«Ezker Abertzaleari ahaztu egin zaio enpresak probintziako indarretako bat direla»
Aldundirako hautagaiak kritikatu du Ezker Abertzalea enpresekin izaten ari den jarrera: «zerga gehiago ezarri zaizkie, eta ahaztu egin zaie lurraldeko diru sarrera nagusietako bat direla. Bilduren Aldundiak, EAJk bultzatuta, egitasmoak onartu ditu krisiari aurre egin eta enpresa munduari laguntzeko. Era berean, EAJ lanean ari da, babes hori herrietan ere emateko».
Alkatetzarako hautagaia den Amonarraizek dio, Hernanin babes hori EAJ bakarrik ari dela ematen: «ezker abertzaleak zerga bilketan bakarrik pentsatzen du. Hori egin ordez, enpresak krisitik ateratzeko saiakera egin beharko luke».
«Herriko enpresek ekoizten dituzten produktu eta zerbitzuekin zerrenda bat egitea proposatu dut»
«Lekuko produktu eta zerbitzuen alde, apustua»
Kalitatezko jakiak saltzen dituen enpresa bat bisitatzen ere izan ziren hautagai jeltzaleak: «lekuko produktu eta zerbitzuen aldeko apostua berritsi dugu».
Andoni Amonarraizek azaldu zuenez, konpromisoa hartu dute bertako produktu eta zerbitzuen kontsumoa haunditzeko: «herriko enpresen zerrenda egitea proposatu dut, hauek ekoizten dituzten produktuen eta zerbitzuen berri eman behar zaie herritarrei. Uste dugu, modu horretara, kontsumoak gora egin dezakeela».
Elkarteak, taldeak, zentroak...
Maria Magdalena Zaharren Egoitzan ere izan ziren bi hautagaiak. Eraikina haunditzeko egin diren lanak gertutik ikusi, eta eguneko zentroa eta helduentzako apartamentuak ezagutu zituzten.
Zubipeko kirol instalakuntzak ezagutzen izan ziren ondoren: «uholdeen kalteak hainbestetan jasaten dituzten instalazioak ezagutzen izan ginen».
Eta eguna bukatzeko, AMHER elkarteko kideekin izan ziren, «Hernanin bizi diren atzerritarrekin egiten duten lana ezagutu genuen».