Igandetik, Gure Esku Dagok toki fisiko bat dauka Joseba Barandiaran plazan: Gure Txokoa, hain zuzen ere. Inauguratzerakoan, halaxe azaldu zuten ekimeneko kideek: «Bertan, herritarrak dinamika honen inguruko joan-etorriak ezagutu ahal izango ditu, bai eta biltzeko tokia izan ere. Informazio taula honetan, Gure Esku Dago Astigarragak, bere ekintzen berri emango du. Baita Euskal Herri mailakoen berri ere».
Eta Gure Txokoaren berri emateaz gain, larunbateko mosaikora joateko dei egin zieten herritarrei: «Quebec, Eskozia… haiek izan zuten euren aukera, Katalunyak izango du; Euskal Herriak noiz? Goazen gure bidean jarraitzera, lortuko dugu-eta! Larunbatean, mosaiko erraldoi bat egingo dugu denon artean, Donostiako Zurriola hondartzan. Izan ere, gure bide berdinean daudenei laguntza eman behar zaie». Eta gaineratu zuten: «Jarrai dezagun pausoz pauso gure bidea egiten! Iritsi da bigarren pausoa emateko unea. Larunbatean, denok Zurriolara!».
Hitzordua, Gure Txokoan
Mosaikora joateko, goizeko 10:00etan jarri dute hitzordua, Gure Txokoan. Bere kabuz doanari, 11:00etan Kursaalean egoteko aholkatzen diote.
Tiketak salgai daude Zipotza, Ekaitz, Pastoriza eta Ikatza tabernetan.