Merkataritzan hondakinak gutxitzeko kanpaina jarri duten martxan, Dendartean Gipuzkoako Merkataritzaren Bilkurak eta Berriak Hernaniko Merkatari eta Ostalarien Elkarteak, Hernaniko Udalaren laguntzaz. Atzo aurkeztu zuten, eta hondakinak murrizteko aholkuak jarraitzen dituzten erosleak sarituko dituzte.
Bittor Lizarribar Dendarteaneko lehendakariordeak azaldu zuen azken hilabeteotan prestakuntza saioak egin dituztela zenbait herritako merkatari eta ostalariekin, tartean Hernanikoak: «horiek konpromiso bat hartu dute, hondakinen murrizketan lagunduko duten praktika onak beren negozioetan martxan jartzeko».
Kupoiak beteta, zozketa
Ildo horretatik sortu da Berriak eta Dendarteanen ekimena. Mertxe Jimenezek, Berriakeko ordezkariak zehaztu zuen gaur hasi eta abenduak 7ra luzatuko dela kanpaina.
Parte hartuko duten dendek, kupoiak banatuko dizkiete erosleei: «bezeroek erosketak egitean ahalik eta hondakin gutxien sortzea da helburua. Erosketa bakoitzean, kupoian emandako aholkuak jarraituz gero, zigilu bat lortuko dute». Kupoiak betetzen dituztenen artean, produktuak zozketatuko dituzte: erosketa orgak, tupperrak, kristalezko botila eramangarriak...». Zozketak, azaroak 24 eta abenduak 10ean.