Hilabete gutxi dira Kontrakantxa Gaztetxeak ateak berriz ere zabaldu zituela. Bi urte itxita egon eta gero, ilusio haundiarekin hasi zuten etapa berria: «Hernaniko gazteontzat ederra da halako leku publiko bat izatea. Hilabeteak pasa dira ordea, eta errealitatea bestelakoa da. Erabilera gutxiegi ematen diogu, eta ekintza ezberdinak egiten direnean, jendeak ez dio behar bezalako bultzadarik ematen».
Zortzigarren urteurrena, indartzeko aitzakia
Kontrakantxa Gaztetxearen zortzigarren urteurrena ospatuko dute abenduko bigarren astean. Ekintzez betetako egunak antolatu dituzte, eta tartean izango dira: bideo emanaldia Euskal Herriko gaztetxeen inguruan, haur jolasak, pintxo potea, xamurtasun tailerra, trikipoteoa...
Ekintza guzti hauek bi helburu dituzte, jendea erakartzea eta engatxatzea: «datorren urteari begira, denon artean sekulako lana egin dezakegula uste dugu».
Kamiseta lehiaketa, martxan
Urteurrena dela eta, kamiseta bat egitea ere badute eskuartean. Lehiaketa jarri dute martxan, eta partehartzaileek kontrantxa.kamixetak@outlook.es helbidera bidali behar dute diseinua, kamisetak izango duen kolorea zehaztuta: «gogoratu irabazlearen kamiseta herri osoan zabalduko dela, eta bazkaria debalde izango duela». Azkeneko eguna azaroaren 24a izango da.
Hitzaldiak, hilabetero
Bestalde, jakinarazi dute hilabetero gai ezberdinen inguruko hitzaldiak antolatuko dituztela: «hitzaldiak gaur egun gaztetxean ikusten ditugun arazoei lotuak egongo dira».
Baita ere, gogoratu dute asteartero biltzen jarraitzen dutela, eta gerturatu nahi duen guztia ongi etorria izango dela: «18:30etan elkartzen gara, asteartero, eta jende berriarekin lan egiteko gogo haundia dugu».
EGITARAUA
Abenduak 4: Kaletik mozorrotuak, esku orriak banatzen
Abenduak 8: Bideo emanaldia EH gaztetxeen inguruan
Abenduak 9: Haur jolasak
Abenduak 11: Pintxo potea eta joko ezberdinen finalak
Abenduak 12: Xamurtasun tailerra.
Abenduak 13: trikipoteoa goizean, bazkaria gaztetxean eta kontzertuak gauean