Emakume bat hil zuten asteartean Gasteizen. Hori salatu eta, Emakumeen Mundu Martxan adostutako protokoloarekin bat eginda, kontzentrazioa deitu dute gaur Udaleko Berdintasun Kontseiluak eta Bilgune Feministak. Plaza Berrin egingo dute agerraldia, 19:00etan. Hernaniko EH Bilduk bat egin du deialdiarekin, eta herritarrei bertaratzeko deia egin die.
«Eraso matxistarik ez! Aski da!»
Hernaniko EH Bilduk bidalitako oharrean salatu nahi du emakumeenganako edozein indarkeria: «indarkeria sexistak beste emakume bat akabatu du. Salatu nahi ditugu emakumeenganako biolentzia guztiak, izaera fisikoa, sexuala edo psikologikoa izan, edota ekonomikoa edo soziala izan».
EH Bilduk dio lanean ari direla, indarkeria sexistak amaiera izan dezan: «azkena izatea nahi dugu. Bide bakarra da jendarte eredu berri bat sortzea, emakume eta gizonen arteko berdintasunean oinarrituko dena, eta hori lortzeko bidean ari gara lanean.
Indarkeria sexistari, tolerantzia zero
EH Bilduk dio aurre egiteko konpromisoa hartu duela: «Indarkeria sexistari, tolerantzia zero! Politika integralen alde egiten jarraituko dugu, konpromisoa hartu dugu. Eta herritarrei ere dei egiten diegu, banaka edo taldean, konprometitu daitezen, eta edozein indarkeria sexista, jarrera edo diskriminazioaren aurrean, salaketa egitera animatu daitezen!