Kiroldegiko pelotakuan, grada azpian, frontoi txiki bat egiteko lanak hasiak dira. Herrian zeuden kirol beharrak aztertze aldera, partaidetza prozesua jarri zuten martxan joan den urtean Udalak, eta bertan azaldu zen beharra.
Helburua da, frontoiko grada azpian dagoen hutsune haundia moldatu, eta frontoi txiki bat egitea: «pelotaleku berri honetan posible izango litzateke partidu aurreko beroketak egitea; eta txikienek ere, pelotaleku itxi bat izango lukete, berria».
Martxan, irailetik
Irailean, pelota munduaren bueltan dabiltzan pelotari, guraso eta lagunak elkartu ziren, eta pixkanaka, proiektua abiaraztea erabaki zuten.
Lanean hastea erabaki zuten, eta aurreneko pausu gisa, blokeak sartu zituzten: «jende asko gerturatu zen laguntzera, eta giro onean aritu ginen, blokeak sartzen».
Jendea, beharrezkoa
Azaldu dutenez, iritsi da lanean serio hasteko garaia, eta horretarako behar beharrezkoa dute herritarren laguntza: «zerrendan izena eman duten guraso, pelotari eta abarren beharra dugu».
Auzolanerako zita larunbatean egin dute, 09:00etan.