Urtebete barru, 6 ikasgela berri eta jangela haundiagoa izango ditu Urumea Ikastetxeak. Lurgoin SA enpresak egingo ditu eraikina haunditzeko lanak, eta astelehenean sinatu zuen kontratua. Egun horretatik, hilabeteko epea du lanak hasteko, eta beste bederatzi hilabete, bukatzeko.
Psikomotrizitate gela eta musika gela ere bai
Haunditze lanekin, sei gela gehiago izango ditu ikastetxeak: 4 gela normal, 55 metro karratukoak; psikomotrizitate gela bat, eta musika gela bat, biak 80 metro karratukoak. Guztira, ia 1.000 metro karratu gehiago izango ditu eraikinak.
Ikastetxeari gehituko zaion zati hori, eraikinaren aurrealdean egongo da, sarrerako aterpearen gainean. Ikasgela berriak bigarren eta hirugarren solairuetan egongo dira. Aurreneko pisuan, jolastoki irekia mantenduko da, eta konpondu egingo dute.
Jangela berria, egungo musika gelan
Jangela ere haundiagoa izango du ikastetxeak, oraingo musika gelara mugituko baitute. Horrela, 150 metro karratu izango ditu, 100 beharrean.
Lan guztiak egiteko, 905.000 euroko inbertsioa bideratu du Eusko Jaurlaritzak.
Hilabeteko epean hasiko dituzte lanak, eta bederatzi hileko epea dago haunditzea bukatzeko.
Hernani BHIrentzat, eraikin berria
Bestalde, Hernani BHIren eraikin berria egiteko prozesua hasi du Jaurlaritzak. Lanak esleitzeko lizitazio prozedura ireki du, eta aurreikusten du, datorren urtean esleituko direla.