«Aranokoa, kanpoko piezekin egina da»

Kronika - Erredakzioa 2014ko azaroaren 1a

Serapio Yereguik 1909an egin zuen Aranoko erlojua. Serapio, Benito Yereguiren anaia zen, erlojugilea bera ere, eta berau Xabier Alvarez Yereguiren birraitona. Alvarezek informazio pila bildua du yereguitarren historiaren inguruan. Batez ere, Benito birraitonak egindako lanak jarraitu ahal izan dituzte. Serapioren erloju bakarra aurkitu dute: Aranokoa.

Betelun, hasiera
Yereguitarrak, erlojugintzan eta errementari lanetan oso ezagunak izan dira. Lehenengoa, Jose Francisco Yeregui izan zen (1760-1834). Leitzakoa zen eta Betelura joan zen bizitzera. Halaxe kontatu du Alvarezek: «Arotza zen Leitzan eta izugarri gustatzen zitzaion bertako erlojua. Eta hura ikusiz, egurrezko erloju bat egin zuen. 1780 inguruan, azoka batera joan zen eta bertan jarri zuen erlojua. Sekulako arrakasta izan zuen. Hala ere, esan zioten hori burdinarekin egin behar zuela, egurrarekin ez zuelako askorik iraungo».
Eta jarraitu du: «Familia dena Leitzan utzi, eta Arroitzera joan zen, errementari lana ikastera. Ondoren, Beteluko dorreko erlojua egiteko eskaera egin zioten. Enkargu berezia zen gainera: 15:00etan, 33 kanpai jo behar zituen, Jesusen heriotza oroituz. Halaxe egin zuen eta egindako lanaren ordainetan, sutegi bat jarri zioten Betelun eta 5 urtetako familiaren mantenua ere ordaindu zioten. Hara joan ziren bizitzera. Erloju hori, 1790ean egin zen eta 1962 urtera arte egon zen martxan». Handik hasi zen yereguitarrek erlojugintzan eta motorgintzan izan duten ibilbidea.

Benito eta Serapio, hirugarren generazioak
Betelun, yereguitarren 5 generazio aritu ziren erlojugintzan: Jose Francisco Yeregui Zabaleta (1760-1834), Juan Manuel Yere­gui Canflanca (1795-1848), Juan Jose Yeregui Olano (1819-1887), Bonifacio Yeregui Yeregui (1850-1911) eta Andres Yeregui Eraso (1884-1975). Benito Yeregui Gol­da­racena (1843-1912) eta Serapio Yeregui Goldaracena (1859-1926), berriz, hirugarren generaziokoak ziren, adar bat, eta Betelutik Gipuzkoara joan ziren. Benito Aginagara joan zen bizitzera (Usurbil) eta Serapio Donostian kokatu zen.
Azalpen gehiago eman ditu Alvarezek: «Benito birraitona 1870 inguruan ezkondu zen Martina Manterolarekin, Agi­na­gan, eta sutegi bat jarri zuen martxan. Errementari eta erlojugile aritu zen. Lortu dugun informazioaren arabera, 81 erloju egin zituela badakigu eta horietatik 40 topatu ditugu. 1901 bueltan, Aizarnan egin zuen erlojua. Errestauratzen ari gara orain. Birraitona, erloju fabrikatik motorgintzara pasa zen gero. Eta hurrengo belaunaldia, Zumaian finkatu zen eta mo­tor­gintzan aritu ziren. Aitzin­dari izan ziren Espainian, motorren fabrikazioan. 1907an, eztanda-motorren lehenengo prototipoa egin zuten. Horrek erakusten du mekanikan ze dominio zuten».

Azaroak 8: Hitzaldia 17:30etan izanen da. Ondoren, erakusketa antolatu dute umeen eskulanekin eta 20:00etan, talo eta gaztainak.

Piezak, kanpotik
Alvarezek jakin duenez, XIXgarren mende bukaeran, kanpoko erlojugileekin hasi zen harremanetan Benito, eta garai hartako erloju askok kanpotik ekarritako piezak dituzte. «Frantzia eta Suitza artean, Europako erlojugile onenak bil­tzen ziren eta handik inporta­tzen zituzten piezak. Prezisio gehiago zuten kanpokoek. Pentsatzen dut beraiek aukeran emango zutela: bertako piezekin prezio bat eskainiko zuten, eta kanpokoekin eginda, garestiagoa, baina hobea. Zarautzeko frantziskotarrena halaxe egina da, adibidez. Seguruena, pieza guztiak ere ez zituzten ekarriko. Fabrikatzeko zailenak zirenak ekarriko zituzten, ahalik eta merkeen izateko. Harremane­tan nola jartzen ziren eta piezak ekartzeko nola moldatzen ote ziren ere ez dakigu. Egia esan, orain lau aste egon gara Morez herrian (Frantzia) eta hura zulo batean dago», dio Alvarezek.

Aranoko erlojua, oso ongi zaindua
Aranoko erlojua Serapio Yeregik egina da. 1909an egin zuen. Informazio askorik ez dutela azaldu du Alvarezek: «Donostian finkatua zegoen eta erlojuak egin baino gehiago, erlojuen mantenimenduan aritzen zen lanean». Eta gaineratu du: «Nik uste erloju horretan pieza asko kanpotik ekarri zituztela, inportatu horietakoa dela. Meka­nis­moa ikusita, %90ean piezak kanpokoak direla esango nuke. Gainera, Aranoko artxiboetan azaltzen denez, Serapiok Udale­ko idazkariari idatzia da, piezak ekartzeko zain zegoela Irungo mugan».
Erlojua martxan dago eta oso ongi zaindua, Alvarezen esanetan. «Kordari 8 egunez behin eman behar zaio. Jose Ramon Zabaleta aritzen da zeregin horretan, eta olio pixka bat eman eta mantenimendu lanak ere berak egiten ditu. Orain urtebete egon nintzen berarekin eta bere kezka bada jarraituko duen inor ez izatea herrian. Eta hitzaldian jendea xaxatzeko asmoa dut.  Sekulako garrantzia du erloju hori mantentzeak», nabarmendu du.

Ondarea galtzen
Garai bateko erloju mekanikoak leku gehienetan kendu dituzte. Motor elektrikoarekin funtzionatzen dute orain, mekanikoek eskatzen dituzten lanak ez egiteko. Baina elektrikoak urte gutxiren buruan izorratu egiten direla dio Alvarezek: «Mekani­koak askoz hobeak dira, urteetan funtzionatzeko eginak baitira, eta mantenimendu pixka batekin izugarri pila iraun dezakete. Usurbilen adibidez, astero korda emateko zailtasunak zeudela eta, kendu egin zuten eta automatikoa jarri. 12 urtetara izorratu egin zen, ordea. Zumai­an ere, berdin. Zestoan bestalde, Beni­tok egindako erlojurik zaha­rrena dago, 1879koa da eta oraindik martxan jarraitzen du».
Batere pentsatu gabe, sekulako ondarea galtzen ari garela ere azpimarratu du: «Jose Franciscoren erloju bat ere badago osorik Egiarretan. 1804koa da. Gaur egun erloju guztiek esfera dute eta Egiarretako horrek ez du esferarik. Hori oso ezaugarri garran­tzitsua da. Orduan erlojuen funtzioa kanpaia jotzea baitzen, hori zen beraien misioa. Ordua eta erdia ematen zuten, normalean, nahiz eta bestelakoak ere izan. Ez zuten esfera beharrik».
Juan Manuel Yereguik, Jose Franciscoren semeak ere ba omen du erloju famatu bat: «Iruñako San Lorenzo elizarako egin zuen 1827an. Bigarren Gerra Karlistan, bonbardaketen ondorioz, erlojua jaso egin zuten. 1849an, Iruñako udaletxean jarri zuten. Bertan egon da 1991 urtera arte. Pentsa, 142 urtetan, Iruñeako erlojurik garran­tzitsuena izan da, San Fermin festa guztiak iragarri dituena, eta 164 urtetan egon da mar­txan”. Eta bere etorkizunarekin kezkatuta daude: “Elektroniko bategatik ordezkatu zuten eta orain eskailerape batean dago, modu txarrean gordeta. Beldur gara desagertuko ote den eta udaletxearekin eta Principe de Viana fundazioarekin harremanetan jarri gara».

Yeregui elkartea, lanean
Alvarezek, jubilatu baino pixka bat lehenago, elkarte bat sortu zuen beste lau lagunekin batera Zumaian: ZIIZ (www.ziiz.org). Zumaiako ondare industriala errekuperatzeko asmoz jarri zuten martxan. Handik hasi zen erlojugileen industria errekuperatzen eta bere arbasoen inguruko historia biltzen. Bi urte daramatza. Yeregui elkartea ere sortu dute, «erlojugintza eta motorgintza balorean jartzeko».
Momentu honetan, bi erloju ari dira errestauratzen: Santa Engrazi (Aizarna) eta Urrexola-Oñati. Bigarren hori auzolanean errekuperatzeko asmotan dabiltza eta diru laguntzak eskatu dizkiete udaletxeari eta Ulma Koop Elkarteari.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!