«Compak gustatzen zait gehien, kontzentrazio gehiago behar delako»

Kronika - Erredakzioa 2014ko azaroaren 1a

Ander Arrieta astigartarrak 30 urte dauzka eta 14 urtez geroztik dabil ehizean; lizentzia atera­tzeko aukera zuenetik. Ehiztari gehienei bezala, herentzitik datorkiola afizioa dio: «Aita goiz jaikitzen zen mendira joateko. Eta 6 bat urte nituenean, ni ere jaiki egiten nintzen eta berarekin nijoala esaten nion. Aitak ez zuen nahi izaten ordea, oso gaztea nintzelako oraindik, baina azkenean, nere zaletasuna hainbestekoa zela ikusi eta eraman egin behar izan ninduen». Astigarragako Gure Izarra elkarteko bazkidea da Arrieta. Orain, ehiza denboraldian, Astigarra­gako postuetan ibiliko da, besteak beste. Otsailetik aurrera, berriz, plater tiroari ekingo dio.

Europako txapelketan, gustora
Udan, Europako Compak Spor­ting Txapelketan hartu du parte Arrietak eta 23garren postuan geratu da. 600 lagunek hartu zuten parte. Oso pozik dagoela azaldu du, baina aldi berean, pixka bat penatuta:  «Pozik na­go, pentsatzen dudalako postu ona dela Europako Compak Txapelketan lehenengo aldiz parte hartu duen baten­tzat. Eta penatuta, emaitzei begira, bizpahiru plater gehiago jo izan banitu postu asko aurreratuko nituelako sailkapenean».
Helburuen inguruan galdetuta, pertsonalki, ez zuela helburu jakinik azaldu du: «Ahalik eta ondoen egitea, besterik ez. Esan bezala, lehenengo aldiz hartu nuen parte eta itsu-itsuan joan nintzen. Selekzioari dagokionez, ordea, iaz podium bat lortu genuen munduko ehiza ibilbideetako txapelketan, eta hori horrela, taldeko kide izanda, helburua bazen beste podium bat lor­tzea. Azkenean, laugarren geratu ginen hirugarrenekin berdinduta; Frantziarekin».

«Gustora, baina aldi berean penatuta nago, bizpahiru plater gehiago jo izan banitu postu asko aurreratuko nituelako»

Lortutako emaitzen ondorio
Europako edo munduko txapelketetan parte hartzeko, garai batean, norberak beste txapelketetan lortutako sailkapenaren arabera aukeratzen zituzten; hau da, Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapelketetan lortutako sailkapenen arabera, baina orain, aukeratu egiten dituztela azaldu du Arrietak: «Espainia mailako hautatzaile bat dago eta berak erabakitzen du ze tiratzailek osatuko duten taldea txapelketa internazionaletan. Hala ere, egia da emaitza onak lortu behar direla maila nazionalean, eta erregulartasuna mantendu».
Bere kasuan, lortutako emaitza bikainen ondorio izan da hautatzaileak beregan konfiantza jarri izana berriz, Europako txapelketa horri begira: «Uste dut horretan asko lagundu didatela Espainian lortutako hiru podiumek eta selekzioarekin iaz lortutako podiumak mundialean».

Ikasten joateko asmoa
Denboraldi osoaren balantzea egiterakoan, oso balorazio positiboa egin du Arrietak: «Oso gustora nago denboraldiarekin. Izan ere, kirolari bezala helburua da hobetzen joatea eta esperientzia hartzen joatea. Eta uste dut, urte honetan emaitza onak lortu ditudala. Espainiako taldearekin hartu dut parte berriz, eta horrek esperientzia maila haundiagoa esan nahi du». Datorren denboraldiari begira, bide berean jarraitzeko asmoa du: «Ikasten jarraitu nahi dut eta saiatuko naiz ahalik eta maila onenean egoten».
Otsaila eta martxoa artean hasiko da denboraldia txapelketa autonomikoekin eta Espai­nia­ko txapelketekin bukatuko dute, ekaina eta uztailean zehar. Txapelketa horien artean, Euro­pakoak eta mundialak jokatzen dira. Hiru txapelketa garrantzi­tsu daudela nabarmendu du Arrietak eta horietan beti har­tzen du parte: «Gipuz­koako Txapelketa, Euskadikoa eta Espainiakoa. Gero, Euro­pa­ko­ak eta mundukoak egongo lirateke eta horietan parte hartzen dut hauta­tzaileak deitzen baldin badit taldea osatzeko», dio.

Gipuzkoako elkarteek, saria
Gipuzkoako ehiztari elkarteek egindako azken asanbladan, sari bat jaso zuen Arrietak iaz Espainiako Txapelketan, Com­pak Sporting modalitatean lortutako emaitzengatik. Saria, egindako esfortzuaren errekonozimendua dela azaldu du: «Oso pozgarria izan da eta modu bat ere bai patrozinatzaileei eskertzeko. Hain zuzen, Saga kartutxoak, Beretta eta Persia­nas y ventanas Arrieta dira patrozinatzaileak eta emaitzekin eta horrelako errekonozimenduekin erantzuten diegu».
Horrez gain, saria, modalitate hau ezagutzera emateko ere badela azpimarratu du: «Oso laguntza gutxi jasotzen baitu eta zaletu asko ditu Espainia osoan».

Compak Sporting modalitatea, gustokoena
Compak Sporting plater tiroko modalitate bat da, modalitate ez olinpikoa. 25 platereko serieak botatzen dira eta txapelketaren arabera, plater kopurua aldatu egiten da. Gipuzkoako txapelketan, adibidez, 50 plater botatzen dira denera eta beste txapelketa batzuetan 200 plater ere izaten dira, Espainiako eta nazioarteko txapelketa batzuetan, esaterako.
Arrieta, beste modalitate batzuetan ere lehiatzen da; ehiza ibilbideetako modalitatean, esaterako. Compak modalitatearen antzekoa da, baina araudian desberdintasun txiki batzuk daudela azaldu du: «Armaren posizioa beherago jarri behar izaten da platera eskatzerakoan (compaken libre da posizioa) edo plateren distantzia ere haundiagoa izan daiteke». Astigartarrak nahiago du compak modalitatea: «Gehiago gustatzen zait, 25 platerak segidan botatzen baitira eta ibilbide gehiago izaten dituzte, normalean teknikoagoak. Ondorioz, kontzentrazio haundiagoa behar izaten da».

Ehizean ere ondo
Ehiza denboraldian bete betean gauden honetan, Astigarragako ehiza postuetara ere joan ohi dela azaldu du Arrietak: «Saiatzen naiz bai zerbait ehizatzen», dio umorean. Batez ere, birigarroa eta usoa ehizatzera joaten omen da: «Hegaztien migrazioa aprobetxatuz ehiza­tzen dugu Astigarragan. Eta hor garrantzitsua da koinziditzea paseko egunak eta postu on bat tokatu izanak. Espainiako beste toki batzuekin konparatuta, hemen zailagoa da ehizatzea. Hegaztiek jateko gehiago dute toki horietan (mahastiak, eguzkiloreak…) eta denbora gehiagoz egoten dira. Eta postuen arazoa ere ez dute izaten, normalean kotoak izaten baitira leku horietan».
Plater tiroan bezain ondo moldatzen den galdetuta, halaxe erantzun du: «Desber­di­na da, hegaztia nora mugituko den ez baitakizu. Plater batek berriz, ibilbide jakin bat jarraitzen du. Hala ere, nik uste nahiko ondo moldatzen naizela».
Ehiztari on batek izan behar dituen ezaugarriak ere azaldu dizkio Kronikari: «Nere ustez, pazientzia asko, puntería pixka bat eta batez ere, ilusio eta afizio asko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!