Osteguneko Plenoan, Elgopebi kasuaren inguruko mozioa bozkatu zen. Mozio horretan, 12 galdera erantzuteko eskatzen zien alkatetzak Udaleko hiru alderdiei (EH Bildu, EAJ-PNV eta H1!), «kasuaren inguruko hainbat gauza argitzeko asmoz», azaldu zuen Andoni Gartzia alkateak. Eta mozioko galdera bati erantzunez, gaineratu zuen, Udalak sortutako gastua, abokatuak medio, 5.000 eurokoa dela eta kostak kontuan hartuta, 10.000 euro inguru izango direla: «Uste dugu merezi duela 560.000 eurotaz ari garenean».
Oposizioko alderdiek, mozioari buruz esan zuten «antzerkia eta fartsa bat» zela eta ez zutela parte hartuko. Zorione Etxezarraga EAJko bozeramaileak halaxe azaldu zuen: «Nahaste borrasteaz hitz egiten duzue mozio horretan, baina ez dago inongo nahasterik. Epaitegi bidez erabaki da eta epaileak arrazoi eman dio parte bati. Hau da fartsa eta antzerkia. Zuek ez daukazue ahalmenik epaile lanetan aritzeko. Eta ez dut parte hartuko».
Bixente Arrizabalaga H1!eko bozeramaileak, berriz: «Epaileak arrazoi eman dio Mikel Zabalari. Gauzak argitzeko, aurrekoan esan nuen bezala, irakurri sententzia. Etekin politiko bat atera nahi diozue honi. Hiru aldiz galduko duzue auzia epaitegietan eta honekin jarraitzen duzue. Denon diruarekin horrela jokatzea erraza da. Zirko honetan ez dut parte hartuko».
Oposizioko kideek alde egin zuten. Alkateak erantzun zuen epai bakarra galdu dutela eta alde egin izanak erakusten duela ezkutatzeko zerbait dutela.
Elione eta Larraburuko lurren inguruan, erantzunik ez
Garraio Zentroaren desjabetze proiektuari alegazioak aurkeztea ere onartu zen Gobernu Taldearen aldeko botoekin eta oposizioaren abstentzioarekin. Bi kontu landu ziren gai honen inguruan.
Alde batetik, asteazkenean bukatu zen epea Donostiako Udalaren eskaeari erantzuteko. Hau da, Larraburu eta Elioneko lurrak itzultzeko egindako eskaerari erantzuteko. Erantzunik jaso ez duenez, epaitegietara jotzea aztertzen ari da Udala. Momentu honetan, desjabetzeak egiten badira, dirua Donostiak jasoko du eta horregatik aurkeztuko dira alegazioak. Hori onartu zen eta baita lur horien jabetza zehaztu bitartean, lur horiengatik lortutako dirua, epaitegietan, deposito batean gordetzeko eskaera egitea.
Bestetik, hasierako onarpena eman dio Bidegik proiektuari eta EAJk azaldu zuen, lurren kontuarekin ados daudela, baina proiektuari hasierako onarpena eman zaiola eta Udaleko alderdiek ez dutela proiektua ezagutzen. Batzordean lantzea eskatu zuen. H1!ek ere zentzu berean hitz egin zuen: «informazio exkaxa dago». Alkateak erantzun zuen, hilabete honetako kontua zela eta lantzeko asmoa dutela batzordean.
Ergobia ibilbidea moldatzea
Ibai Ondo etxea kontsolidatzeko, beste pauso bat izango da Ergobia ibilbidea moldatzea. Alkateak adierazi zuen, babes kritikoa emango ziotela: «Etxeari eta familiari babesa eman nahi diogu eta beharrezkoa ikusten dugu moldaketa horiek egitea, baina Urumea Berrin egiten ari diren proiektuarekin ez gaudenez ados, nik kontra bozkatuko dut. Aurreko proiektuarekin egiten genuen bat».
EAJk alkatearen jarrera kritikatu zuen. Ez zuela egoki ikusten azaldu zion: «Kontuan izan behar duzue ze ekarpen egin dion proiektu honek herriari. Proiektu honi esker, eskolako obra erraldoi hori egiteko aukera dago. Eta zuek potentzialitate hori baliatzen ari zarete. Ez dut ondo ikusten kontra bozkatzea». Alkateak erantzun zion, beste proiektuarekin ere dirua jasoko zuela udaletxeak eta proiektu hobea zela herriarentzat. H1!ek azaldu zuen ez zela eztabaida antzuetan sartuko: «Proiektu hau herriarentzat positiboa da».
Anuska eta eskolako obrak
Anuskako obrak egitea eta kontratazioekin hastea onartu zen, Gobernu Taldearen aldeko botoekin eta oposizioaren abstentzioarekin. Eztabaida sortu zuen, obra horiek egiteko, Concha Echeverria fundazioko lurrak ikutu behar direlako eta baimenik ez dagoelako oraingoz. Alkateak azaldu zuen, lehenengo fasean ez dela eremu pribaturik ikutzen eta baimen eskaera egingo zaiola fundazioari.
EAJk ez zuen egoki ikusi: «Obrak hasi eta gero dena ezin bada egin, arazo bat egongo da. Baimen idatzia lortu bitartean, abstenitu egingo gara». H1!ek ere halaxe azaldu zuen.
Eskolako obrak egitea eta kontratazioekin hastea ere onartu zen. Alkateak azaldu zuen aurreikusitako 900.000 euroko kostua azkenean, 1.200.000 eurokoa izango dela. EAJk aldeko bozka emango zuela azaldu zuen, baina baldintzatua: «Eusko Jaurlaritzaren oniritzia nahi dugu obraren inguruan». Aho batez onartu zen, Eusko Jaurlaritzari balidazio teknikoa eskatzea.
Tasak konjelatu
2015eko Zerga Fiskalei hasierako onarpena ere eman zitzaien. Tasak konjelatzea erabaki zuen Plenoak, Gobernu Taldearen aldeko botoekin eta oposizioaren abstentzioarekin. Alkateak azaldu zuen, orain arteko irizpidearekin jarraituko dutela eta KPIaren arabera izango dela.
Epaiketa politikoak bertan behera uzteko eskaera
Beste lau mozio ere onartu ziren. Prozesu judizialen aurkakoa izan zen bat. Segiko kide izateagatik Auzitegi Nazionalean epaitzen ari dira 28 gazte; tartean, Julen Zuaznabar astigartarra. Epaiketa politikoak gelditzeko eta gazte horien absoluzioa eskatu zuten, mozioa onartuta. Horrez gain, Udalak ahalegina egingo du Zuaznabarri epaiketak sortutako kalte eta gastu ekonomikoak arintzeko. Gobernu Taldeak eta EAJk alde bozkatu zuten; H1!ek aurka.
Kataluniako kontsultaren ingurukoa izan zen bestea. Aho batez onartu zen. Udalak eskatzen dio Konstituzio Auzitegiari, atzera egiteko kontsulta bertan behera uzteko erabakian, eta aukera emateko katalanei azaroaren 9an askatasunez adierazteko beraien iritzia. Eskualdeko izena, Buruntzaldea izan beharrean, Beterri izatea ere onartu zen aho batez. Baita, liburutegietan kanona ezartzearen aurkakoa ere.