Orain dela 20 bat urte, Maialen Lujanbiok eta Unai Agirrek, gazte gazteak zirela, bertso afari bat egin zuten Ereñotzun, eta gaur, bertsolari kontsagratu diren honetan, hura errepikatuko dute. Udazken Kulturalaren barruan izango da. Antolatzaileek azaldu dutenez, 2010ean saiatu ziren biekin bertso afaria egiten eta halaxe iragarri zuten, baina azken momentuan Agirrek ezin izan zuen eta bere ordez, Sustrai Colina etorri zen.
Bertso saio berezia izango da beraz, gaurkoa. 20:30etan izango da, Ur-Mia elkartean.
Azken bi urtetan saiorik ez
Urte luzetan jarraian egin ondoren, azken 2 urtetan, Udazken Kulturalean ez dela bertso afaririk egin gogorarazi dute antolatzaileek eta aurten hasi direla berriz antolatzen.
Saioa bakarrik entzuteko aukera ere bai
50 lagunentzat prestatuko dute afaria eta lekua, eta gaur ere txartelak erosteko aukera izango da, lekua bukatu arte. Horrez gain, azaldu dute, norbaitek saioa entzutera joan nahiko balu, aukera izango duela.
Gaur zortzi, Sarako kobazulora
Udazken Kulturaleko azken ekintza bezala, irteera antolatu dute, gaur zortzi. Sarako kobazuloetara joango dira (09:30). Txartelak, Auzo Udalean.
Azken bertso afariak
2006-10-28, Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio.
2007-10-31, Hernaniko eta Ereñotzuko bertsolariak, Urumea errekan barrena bidaian: Aritz Zerain, Ibon Miner, Arnaitz Lasarte, Iñaki Zelaia, Joxe Luix Urdangarin eta Unai Agirre.
2008-10-31, Jexux Mari Irazu eta Xabi Paya.
2009-10-30, Amets Arzallus eta Aitor Mendiluze.
2010-11-19, Maialen Lujanbio eta Sustrai Colina (Unai Agirreren ordez)
2011-11-05, Beñat Gaztelumendi eta Aitor Sarriegi (urte horretan, abenduan, Gipuzkoako Txapelketako buruz burukoa
jokatu zuten).