Galerna eta denboraleen iragarle, eta arrantzaleen salbatzaile

Kronika - Erredakzioa 2014ko azaroaren 1a

Apaiza izan zen Juan Miguel Orkolaga hernaniarra, apaiz nahi zuelako izan, hura zuelako bokazioa. Beste bat ere bazuen, ordea, txiki txikitatik zirrara berezia sortzen ziona, etxeko teilatura igo eta zerura begira jartzen zuena: eguraldia iragartzea zuen gustoko. Eta horretan, inor baino trebeagoa izan zen Aita Orkolaga, apaiz metereologoa.
Horregatik, bere heriotzatik 100 urte bete direnean, omenaldia egingo dio AEMET metereologia agentziak. Hainbat ekintza antolatu dituzte Herna­nin, datozen egunetan, Orkolaga nor zen azaltzeko, eta haren iragarpen entzutetsuenak gogora ekartzeko.

Metereologian buru-belarri, itsasoko tragediak eraginda
1863ko urriaren 13an Hernanin jaio eta urte gutxira, etxeko teilatura igotzen omen zen Juan Miguel Orkolaga, eta anemoskopoak jartzen zituen han, haizeak nondik jotzen zuen eta herria zein eguraldik zipriztinduko zuen asmatu nahian. Eta asmatuko zuen, ziurrenik, urte batzuk beranduago asmatu zuen bezala.
Dohain harrigarriak zituen Orkolagak, eguraldia iragartzeko. Baina gertakizun konkretu batek eraman zuen, metereologian buru-belarri sartzera. 1878ko apirilaren 20an, galerna izugarri batek astindu zuen kostaldea, eta 300 arrantzale hil ziren. Orduan, erabat baztertu zuen tenporek zuten eragina, aldaketa atmosferikoetan. Beste zerbait zen aldaketen kausa, eta hori aztertzen jarri zen Orkolaga.

15 urterekin, Argentinara itsasontzian zijoala, ekaitza iragarri zuen Orkolagak; tximista, kazkabarra eta guzti jo zuen, eta harrituta utzi zituen ontziko ofizialak.

Argentinara bidean, aurreneko iragarpena
15 urte zituela, Argentinara joan zen Orkolaga, bere osaba batekin, bere osasun ahula sendatzera. Itsasontzian zijoala, Pernambuco (Brasil) parean, ekaitza iragarri zuen ilun­
tzerako. Gauean jo zuen ekai­tzak, tximista, kazkabarra eta guzti. Harrituta utzi zituen, ontzi hartako ofizial guztiak.
Urtebete eman zuen Buenos Airesen, latina, frantsesa eta historia ikasten. Bere osasunak, ordea, ez zuen hobera egin, eta etxera bueltatu zen. Karrera eklesiastikoa ikasi zuen Gasteizen, eta apaiz egin zen. Beizaman eta Hernaniko San Joan Bataiatzailea parrokian aritu zen, Zarauzko bikario izan aurretik. Apaiz lanagatik baino, ordea, ezagunago egin zen eguraldia iragartzeko gaitasunagatik.

1900 urtean, abisua pasa zien Aldundiei, ekaitzak gogor joko zuela eta arrantzaleak ez itsasoratzeko. Haien salbatzailetzat hartu zuten ordutik, itsasgizonek.

Egurrezko behatoki txikia
Zarautzen zegoela, behatoki txiki bat egin zuen Orkolagak, egurrez. Gau eta egun aritu zen bertan, metereologiaren misterioak aztertzen. Izan ere, bertan zeukan metereologo batek behar duen guztia, bere hitzetan: «osagai artifiziala, tresnak; eta naturala, gure kontrolpean ez egon arren, gure begien aurrean dagoena». Apala eta umila izanik, bere­tzako gordetzen zituen ikerketen emaitzak, eta egiten zituen lorpenak.

Denboraleak iragartzeko, gaitasun harrigarria
Hainbat galernak jo zuten kostaldea, urte haietan, eta ehundaka izan ziren hildako arrantzaleak. Horregatik, bere ezagutza eta intuizioa batu zituen Orkolagak, denboraleak iragartzeko. Eta gaitasun harrigarria erakutsi zuen, zeregin horretan. Halaxe dio Orkolagari eskainitako eskulturak, Igeldoko Behatoki Metereologikoan:

Enbatak arro zekarrenean
itxas-gizonen galpena
Oiuka garaiz salatu zuan
eraso aien kemena
Arrigarriak bai ziran bere
jakinduria ta sena
Kantauriaren kolkoan dabil
Orkolagaren izena

1900 urtean egin zuen Orkolagak, lehenengo iragarpen sonatua. Azaroaren 15ean, Gipuzkoa eta Bizkaiako Aldundiei pasa zien abisua: arrantzaleak ez zitezela itsasora atera, ekaitzak gogor jo behar zuela. Eta baita jo ere, sekulako indarrarekin. Baina arrantzaleak, oraingoan, tragediatik salbu ziren, iragarpenari kasu eginda.
Zur eta lur geratu ziren denak, iragarpen horrekin, eta egunkari guztietan azaldu zen Orkolagaren abilezia: bere iragarpenak, dolu egun bat saihestu zuen, kostaldeko herrietan. Arrantzaleek, aurreran­tzean, haien salbatzailetzat hartu zuten hernaniarra.

Palma Akademikoen Ofizial izendatu zuen Frantziako Gobernuak, bere lana errekonozituz.

Gipuzkoako Aldundiaren laguntza
Bere ahalmena ikusita, Orkolagari laguntzen hasi ziren Gipuzkoa eta Bizkaiako Aldundiak. Behatoki metereologiko bat egitea erabaki zuten, baina non jarri finkatzerakoan, ez ziren ados jarri: Igeldon nahi zuen Gipuzkoakoak, eta Matxitxakon Bizkaiakoak.
Jaioterriko gertutasunak, Igel­dora eraman zuen Aita Orkolaga, eta Bizkaiako Aldun­diak bere babesa kendu zion, haserre.

Behatokia martxan, 1902an
1902an jarri zuten martxan behatokia, Igeldoko etxe batean. Geroago, 1905ean, Gipuz­koako Aldundiak Aize Eder etxea erosi zuen, eta bertara mugitu behatokia. Orduan estreinatu zuten ofizialki, Behatoki Metereologikoa.
Behatokiak martxan jarrai­tzen du oraindik, eta 100 urte bete ditu honezkero.

Orkolagaren dohainak, mundu osoan ezagun
Juan Miguel Orkolagaren iragarpenek mundu guztian izan zuten entzutea. Burdeos, Lisboa edo Britainia Handitik jotzen zuten Igeldoko behatokira, informazio eske. 1909an Mexi­kora deitu zuten Orkolaga, metereologo gisa aritzeko. Urtebete beranduago, Euskal Herrira itzuli zenean, Mexiko­tik etorri zitzaizkion bisitan, behatokia ezagutzera.
Frantziako hiru egunkarik, La Petite Gironde, La Nouveliste eta La Francek, egunero argitaratzen zituzten, Orkolagaren iragarpenak.  Frantziako Gober­­nuak, gainera, bere gaitasuna eta lana errekonozitu zituen 1903 urtean, eta Palma Akademikoen Ofizial izendatu zuen: kulturan edo hezkuntzan egindako lorpenengatik, akademikoei egiten zaien distintzioa.

Orkolagari kasurik egin ez, eta galernak irentsita
Beste hainbatetan erakutsi zuen trebetasun hori Orko­la­gak; 1912an, esaterako. Eguzki­tsu zegoen eguna, abuztuaren 12an. Baina aldaketa haundia izango zela iragarri zuen Aita Orkolagak: galernak joko zuen gauean. Gipuzkoa eta Bizkaiako Aldundietan eman zuen abisua, baina jaramonik ez zion egin bigarrenak, behatokiaren haserrealdia ahaztu gabe oraindik.
14 ordu beranduago, galernak hamarnaka itsasontzi irentsi zituen. 143 arrantzale hil ziren gau hartan, bizkaitarrak denak. Tragedia hark gogor astindu zituen Bizkaiako kostaldeko herriak. Gipuzkoan, berriz, lehorrean geratu ziren gehienak, iragarpenari kasu eginez. Horrek salbatu zituen.

100 urte hil zela
1914ko irailaren 22an hil zen Juan Miguel Orkolaga, orain 100 urte, minbiziak jota. Bere heriotzak pena haundia utzi zuen arrantzaleen eta itsasoko jendearen artean. Haiek izan ziren Orkolagaren lana gehien estimatu zutenak.
Garaiko jakintsuek, berriz, gutxietsi egin zuten bere lana, eskola titulaziorik ez zuelako, eta ez zuen aitorpen haundirik jaso. Orain, 100 urte pasa direnean, bere lanaren garran­tziak arrasto haundia utzi du. Horregatik, Orkolagaren lorpen eta gaitasunak, eta bere izaera xumea goraipatuko dituzte egunotan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!