Asteartean, Udaleko Plenoak onartu zuen aldaketa bat egitea, uraren kudeaketarako Udal Araudiari. Izan ere, urriak 1eko ur mozketan, araudia eskas geratu zen, herritarrei informatzeko: «agerian utzi zuen kaltetuei abisatzeko mekanismoa ez dela nahikoa», azaldu du Hamaikabatek, prentsa ohar bidez. «Orain, aldaketa bat planteatu da, baina aurrerapen bat den arren, uste dugu ez dela nahikoa», diote.
Aldaketari, bi alegazio
Horregatik, bi alegazio aurkeztu ditu Hamaikabatek, aldaketaren aurrean. Aurrenekoak dio, bandoen bidez jakinarazi behar zaiela kaltetutako zonaldeen herritarrei, mozketa zenbaterainokoa den kontuan hartu gabe: «ahalegina minimoa da, eta horrek ziurtatuko luke, neurri haundi batean, herritarrek mozketaren berri izatea.
Ur mozketen berri emateko, bandoak erabiltzea eta herriko komunikabide guztietan argitaratzea proposatu du Hamaikabatek.
Mozketaren berri emateko, komunikabide guztiak erabiltzea
Bigarren alegazioak, azaltzen du mozketaz informatzeko ezin dela komunikabide bakarra erabili: «medio bakarrean argitaratzeak, berri ematearen hedapena mugatzen du. Horregatik, proposatu dugu herriko komunikabide guztietan argitaratzea, batean beharrean. Horrela, interpretazio murriztaileak saihestuko ditugu, eta bermatuko ditugu komunikabide idatzi guztien irakurleen eskubideak», argitu du Hamaikabatek.