Astearteko plenoan 11 puntu landu zituzten Hernaniko Udal taldeek. Zehaztu zuten, 2015 ekitaldiko tasak eta zergak mantenduko dituztela, eta egutegi fiskala ere antzekoa izango dela. Koxka elkarteak egindako protokoloa ere onartu zuten, eta uraren kudeaketarako Udal Araudiari, aldaketa bat egin diote: ur mozketak egiten direnean, beste pauta batzuk jarraituko dituzte, herritarrei informatzeko. Dena den, berriro errebisatuko dituzte pauta horiek.
Dirulaguntzak mantenduko dituzte, tasa eta zergetan
Plenoa hasteko, hartutako ebazpenen eta aurrekontuen exekuzio egoeraren berri eman zuen Gobernu Taldeak: «orokorrean, esan daiteke udaletxearen egoera oso ona dela». Segidan, kontu fiskalei heldu zieten. Zehaztu zuten, 2015 ekitaldian tasak eta zergak mantendu egingo dituztela, eta baita aurten martxan jarri dituzten dirulaguntzak: errenta bajuenek IBIa ordaintzeko izan dutena, adibidez. Bilduren aldeko botoekin onartu zen ordenantza fiskala, eta EAJ, PSE-EE eta H1! abstenitu egin ziren.
2015ean, mantendu egingo dira aurten zerga eta tasak ordaintzeko eman diren dirulaguntzak.
Egutegi fiskala ere, antzekoa izango da 2015ean. Aho batez onartu zuen plenoak. Etxebizitzak alokairuan jartzeko oinarrien puntua, berriz, plenotik kanpo utzi zuten, datu batzuk zehaztu gabe daudelako oraindik.
Ur mozketetan, elkarte eta merkatariei abisatu
Ur mozketaren gaia jarri zuten berriro mahai gainean. Gobernu Taldeak onartu zuen, urriaren 1eko ur mozketan eskas geratu zela Udal Araudia, herritarrei informatzeko. Horregatik, araudiaren artikulu bat aldatuko, eta mozketaz jakinarazteko pautak aldatu: merkatariei eta elkarteei jakinaraziko zaie.
Aldaketa onartzea erabaki zuten, Bildu eta EAJren aldeko botoekin, baina berriz aztertuko dute, PSE-EEk eskatuta: «uste dugu zerbait gehiago behar dela, benetan denak enteratzeko; portaletan bandoak jartzea izan daiteke konponbidea, arazoa ez errepikatzeko. Horregatik, beste buelta bat eman nahi diogu gaiari». Gainera, azaldu zuten, elkarteei erantzukizuna ematea dela, haiek jakinarazi behar izatea herritarrei.
EAJk, bere aldetik, aldaketa onartzearen alde egin zuen: «aldaketarekin, araudia hobeto dago behintzat. Eta bihar mozketa bat emango balitz, hobeto informatuko da. Aztertuko dugu berriro gaia, alegazioak aurkezten direnean».
Koxka elkartearen protokoloa onartu zuen plenoak, alderdi guztien adostasunarekin.
Koxkaren protokoloa onartuta
Koxka elkarteak aurkeztutako protokoloa sinatzea ere onartu zuen plenoak, alderdi guztien adostasunarekin. Horren arabera, udaletxeko arduradunek Koxkaren txostena eta iritzia hartu beharko dute kontuan, edozein obra egiterakoan, desgaitasunen bat duten pertsonei kalterik ez egiteko.
Bukatzeko, lau mozio aztertu eta onartu zituen plenoak: emakumeenganako indarkeriaren kontrako nazioarteko egunari buruzkoa; Kataluniako kontsulta bertan behera uztearekin desadostasuna erakustea (PSE-EEren kontrako botoekin); liburu maileguengatik liburutegiek ordaindu beharreko kanonarekin desadostasuna erakustea (kanona ez ordaintzea erabakitzerakoan, dena den, PSE-EE abstenitu egin zen); eta herri kurduei agurra eta elkartasun adierazpena. yy