Antzinako musikara eramango dituzte entzuleak, Maite Larburu hernaniarrak eta Josh Cheatham estatubatuarrak, baina kantu propioekin eta musika tresna bereziekin. Neighbor bikotea osatzen dute Larburuk eta Cheathamek, eta kontzertua emango dute gaur, 20:00etan Biterin, Hernani’n Musik ekimenak antolatuta Sarrerak salgai daude, 7 euroan.
‘Ura patrikan’ diskoa aurkeztuko dute, kantu propioekin eta instrumentu bereziak erabiliz: shakuhachia, sarangia, shruti-boxa, viola da gamba...
Amsterdametik Hernanira, maleta bete kantu
Amsterdamen bizi dira Larburu eta Cheatham, auzo berean. Musika ikasketek eraman zituzten bertara, duela 10 urte baino gehiago, eta ordutik, antzinako musika klasikoan eta ganbara musikan aritu dira. Ez dituzte, ordea, ohiko tresnak erabiltzen. Bestelako instrumentuak jotzen dituzte: gitarra, shakuhachia, sarangia, shruti-boxa, kontrabaxua, viola da gamba...
Kantu propioak, hernaniarren belarrietara
Horiekin osatu zuten beraien aurreneko diska, Ura patrikan. Larburuk jartzen du ahotsa, euskerazko, ingelesezko eta gaztelaniazko kantuetan, eta instrumentu barietate zabalenarekin laguntzen dio Cheathamek.
13 kantu biltzen ditu diskak, bikotearen kantu propioak eta estilo askotarikoak: folk, blues, jazz, brasilgo musika... Kantu horiek dira, herritarren belarrietara iritsaraziko dituztenak, gaurko kontzertuan.
Zela Trovke film laburra ere, emanaldian
Kontzertuaren barruan, film labur bat ere emango dute: Zela Trovke, Asier Altuna zuzendariarena. Film horretan ere, Maite Larburu da protagonista.
Eslovakiako kantu tradizional bat da Zela Trovke, eta Larburu kantu hori interpretatzen ageri da, Holland Baroque Society orkestrarekin.
‘Zela Trovke’ film laburra ere emango dute, Maite Larburu protagonista dela. Eslovakiako kantu tradizional bat da ‘Zela Trovke’.
Biolina bidelagun, mundu osoan zehar
Txikitatik, biolina izan du bidelagun Maite Larburuk. Donostian eta Madrilen ikasi ondoren, Amsterdamera mugitu zen, eta bertan jarri zen bizitzen. Etxean egoteko tarte askorik ez dauka, ordea. Tokitik tokira ibiltzen da, Holanda, Belgika, Alemania eta Frantzian. Afrika eta Japonian ere izan da, antzinako musika festibaletan.
Orkestra ugarirekin aritu da lanean, eta antzinako musikari askoren gidaritzapean: Ton Koopman, Lars Ulrik Mortensen, Frans Bruggen, Gustav Leonhardt...