Nafarroako hegoaldeko uzta izango da, aurten ere, Errigora egitasmoak erabiliko duen lehengaia, euskarari laguntza ekonomikoa emateko. Honezkero, martxan jarri dute kanpaina, Sortzen, AEK, Ikastolen elkartea, Zazpiak Bat eta Errigorak elkarlanean. Azaroaren 12ra arte egongo da zabalik, saskiak eskatzeko epea.
Lortutakoa, hiru proiektutara bideratuta
Errigorak, Euskal Herriko plazara eramaten ditu, Nafarroako hegoaldeko produktuak. Eremu horretan, euskara ez da hizkuntza ofiziala, eta ekimen honekin, bertako euskalgintza indartzen da ekonomikoki. Izan ere, salmentatik lortutako irabazien %25, hiru proiektutara bideratuko da: Erriberako ikastoletara; Euskaraz bizi eta ikasi herri ekimenaren Hamarratz proiektura; eta Erriberako AEKra.
Hernanin, hiru puntutan eskatu daitezke saskiak: Langile ikastolan, Lurreko dendan eta AEK euskaltegian.
Hernanin, hiru puntutan
Saski ederrak prestatu ditu Errigorak, Nafar hegoaldeko produktuekin, eta 50 euroan jarri ditu salgai. Hernanin, hiru puntutan eskuratu ahal izango da, bakoitzak egokien duen tokian egin dezan eskaera: Langile ikastolan (943 55 54 23), Lurreko denda ekologikoan (943 57 54 98), eta Hernanialdeko AEK euskaltegian (607 592 864).
Saskiak orain eskatu behar dira, azaroaren 12a baino lehen, eta azaroaren 17tik 30era iritsiko dira Hernanira. Bakoitzak, eskatu duen puntuan jasoko du saskia.
Saskietan, 11 produktu goxo
Oso barietate zabala daukate saskiek, eta 10 ekoizlek hartu dute parte. Horrela, udazkeneko saskia 11 produktuk osatzen dute: 2 olio botila, bi piper poto, potxak, kardoa, tomate saltsa, mahats zukua, barazki krema, orburuak, pikillozko mermelada, 2 zainzuri lata eta ardo beltz botila bat. Produktu gehienak, gainera, modu ekologikoan landutakoak dira.