Herriko musikarien arteko lehia, Haida tabernaren urteurren oparia

Kronika - Erredakzioa 2014ko urriaren 28a

Herriko musikariak aurrez aurre jarriko ditu Haida tabernak, azaroko eta abenduko ostiral iluntzeetan. 20garren urteurrena bete berri du tabernak, eta zenbait ekintza berezi antolatuko ditu, urte bukaerara bitarte: horietako bat, Banda Lehia. Ostiralero, talde baten kontzertua; eta onenarentzat, 400 euroko saria.

Izena emateko epea, azaroaren 14ra arte
Lehiaketan parte hartzeko, beharrezkoa izango da, gutxienez, taldeko kide bat hernaniarra izatea. Izena emateko epea zabalik dago honezkero, eta azaroaren 14a izango da azken eguna. Horretarako, idatzi  mezua haidahop@hotmail.com helbide elektronikora.
Guztira, sei bandak hartuko dute parte lehian. Talde gehiago aurkeztuz gero, zozketa bidez erabakiko da zeinek hartzen duen parte: azaroaren 14an bertan egingo da, Haida tabernan, arra­tsal­deko 20:00etan.

Musikari gazteei aukera bat emateko asmoa
Herriko musikariei eman nahi die aukera Haida tabernak, bereziki gazteei. Izan ere, lotura estua du herriko bandekin: «aukera gutxi dituzte jotzeko, eta aukera falta horri erantzun nahi diogu, lehiaketa honekin». Hain justu, herriko taldeei galdetu zieten, ea zer iruditzen zitzaien horrelako lehia bat antolatzea: «oso ideia interesgarria iruditu zitzaien».
Talde guztiek daukate tokia lehiaketan: musika estilo guztientzako dago zabalik. Beraz, kolore askotarikoa izango da lehiaketa.

Kontzertuak, ostiraletan
Sei ostiraletan izango dira kontzertuak, Banda Lehiaren barruan. Gaueko 23:00etan hasiko dira, eta ordubeteko iraupena izango dute, gehienez. Aurrenekoa, azaroa­ren 21ean izango da, eta ostiralero joko du talde batek, abenduaren 26ra arte.
Hurrengo egunean, aben­duaren 27an, egingo dute sari banaketa, botuak kontatu ondoren. Epaimahaia hiru kidek osatuko dute: Haida tabernakoa izango da bat, eta beste biak, ekitaldiarekin loturarik ez dutenak. Zenbait irizpide baloratuko dituzte, bandak baloratzeko: aurkez­pena, originaltasuna...

Astean zehar, taldearen aurkezpena
Ostiralean jo behar duen taldea, astean zehar emango du ezagutzera Haida tabernak, Facebooken bitartez. Horrela, taldea aurkeztuko dute: noiz sortu zen, zeinek osatzen duten, jotzen duten estiloa... Eta taldearen bideoak edota abestiak ere jarriko dituzte, kontzertuari sarrera eginez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!