Arimak alaitzeko moduko festa izan zen atzo Txantxillan

Kronika - Erredakzioa 2014ko urriaren 26a

Aspertzeko tarterik ez zegoen atzo, Txantxillako festetako egitarauan. Goizeko 09:00etan diana joz hasi zen jai giroa auzoan, eta 09:30etan, Santa Barbarara igoera lasterketa hasi zen. Raul Gomez lasartearra izan zen azkarrena, 00:22:40 denborarekin, eta nesketan, Mara Olazabal hernaniarra, 00:30:34 denborarekin. Hernaniar azkarrena, berriz, Anartz Artola izan zen, 00:24:33 eginda. Ermitan kanpaia jo zutenek ere jaso zituzten sariak. Eta saririk espero ez zuenak ere jaso zuen bat, berezia: Ibai Alba, auzotarra eta kirolaria, karrera antola­tzen aritua, omendu zuten.
Txupinazoan, berriz, Kar­men Etxeberria omendu zuten, Laubidieta etxean jaioa. Maialen Lujanbiok bertsoa kantatu zion, eta dantzariek, Agurra dantzatu zioten.
Arratsaldean festak aurrera egin zuen dozenaka ekitaldirekin. Tartean, arima bihurriak atera ziren kalejiran, maxkuriekin eta zezenekin jendea dantzan jartzera.
Eguna bukatzeko, saiheski jan ederra egin zuten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!