Nafarroa Iparraldeko Euskara Mankomunitateak bultzatuta, Goizueta eta Aranon grabazio batzuk egiten ari dira euskararen erabileraren inguruan. Hainbat herritar elkarrizketatu dituzte eta beraien lekukotasunak eta mezuak jasotzen ari dira. Eskualde mailako ekimena da eta Leitza eta Areson ere gauza bera ari dira egiten. Helburua da, kontzientziazio eta sentiberatze lan bat egitea.
Arnasgune tailerretik sortua
Alaitz Eskudero Mankomunitateko Lehendakariak eta Goizuetako kultur zinegotziak ekimena nondik sortu zen azaldu dio Kronikari: «Duela urtebete, Goizuetan Arnasguneen tailerra egin zen eta bertatik atera zen ideia. UEMAk antolatutako tailer honetan, Goizueta euskararen arnasgunea zela ikusi genuen. Ze esan nahi du arnasgunea izateak? Ba euskarak lasai hartzen duela arnas, hau da, erabilera arrunteko hizkuntza dela bai kale bizitzan, bai auzoan, bai familian, bai lagunartean eta baita lan munduan ere».
Hala ere, ahulgune batzuk bazirela ikusi zuten: «Hiru multzotan bereizi ziren goizuetarrek erdarara eramaten dituzten ohiko egoera edo espazioak: Lagunarteko egoera informal jakin batzuk; administrazioarekin lotuta dauden egoerak; eta irakurketa. Hori horrela, herritarren mezuekin ikus-entzunezko bat sortzea pentsatu genuen. Aurretik, Orion ere egin omen zuten horrelako zerbait». Goizuetaz gain, beste hiru herrietan ere jarri zen martxan.
Naturaltasunez erantzutea
Herritar desberdinak bildu dituzte eta kamera aurrean jarri, beraiek euskararekin duten harremana kontatzeko. Galderak beraien eguneroko ohituren ingurukoak izaten dira normalean: Ze hizkuntza erabiltzen duzu egunerokotasunean? Zer da zuretzat euskara? Merezi al du euskararen normalizazioaren alde egiten den lanak? …
«Naturaltasunez hitz egitea eta herritarrek benetan pentsatzen dutena esatea bilatzen dugu eta inola ere ez, ongi gelditzea. Ondoren ikusi eta agian baten bat hausnarketa egitera bultzatuko du bideoak edo besterik gabe, etorkizunerako artxibo moduan baliagarri izanen da», azaldu dute Alaitz Eskuderok eta Maider Ansa Aranoko euskara zinegotziak.
Grabaketa lanetan, Itsaso Lujanbio (kamera) eta Alaitz Eskudero (elkarrizketatzailea) ari dira Goizuetan, eta Aranon, Joxan Ruiz (kamera) eta Maider Ansa (elkarrizketatzailea). Grabaketak bukatzean, asmoa dute herri bakoitzak bere montajea prestatzea mezu esanguratsuenekin. Jendaurrean aurkezteaz gain, sare sozialetan ere zabaldu nahi dute.