Maria Juana Huizik, 100 urte

Kronika - Erredakzioa 2014ko urriaren 25a

Maria Juana Huizi Leonet aranoarrak 100 urte bete berri ditu. Asteazkenean izan zen bere urtemuga, hain zuzen, urriaren 22an. Maria Juana gazte zela, monja sartu zen eta Katalunian bizi da orduz geroztik. Berga herriko konbentuan bizi izandu da. Gaur egun, Bartzelonako zaharren egoitza batean dago. Urtero bezala, senideak bixitan joango zaizkio, asteburu honetan. Bihar, gainera, omenaldi txiki bat eginen diote egoitzan bertan.

Gaixotasun baten ondorioz
Maria Jesus Zugarramurdiren senarraren izeba da Maria Juana, eta Maria Jesusek, izebaren istorioa azaldu dio Kronikari: «Berak kontatzen duenez, gerra garaia zen eta gaixotasun bat izan zuen. Kozkorren bat atera zitzaion izterrean, kadera aldean, eta operatu egin zuten. Infektatu egin zitzaion, ordea, eta oso gaizki zegoela Donostiako ospitalera eraman zuten. Medikuak ez omen zuen uste bizirik aterako zenik. Eta halaxe erabaki zuen, bizirik ateratzen bazen, monja sartuko zela. Izterra nonbait nahiko desfiguratua dauka eta pentsatu omen zuen: Zeinek nahiko nau ni horrela?».

Burua, argi
Orain dela bi urte egon zen azkenekoz Maria Jesus berarekin eta burua oso argi zuela oroitzen du: «Bista aspalditik galdua dauka, baina memoria oso ona du. Aita hil zenekoa ere kontatu zigun argi argi. Berak 15 bat urte zituen eta ama alargun geratu zen 9 seme-alabekin. Anai zaharrena itsasoan aritzen zen lanean eta bera, amari laguntzen etxean. Mixeria gorrian bizi zirela esaten zuen. Ama ikutua geratu zela ere bai».
Aranotaz, ordea, ez omen da askorik akordatzen: «Etxeen izenak eta esaten dizkiot, baina ahaztua dauka dena. Euskara ere galdua du», dio Maria Jesusek. Azkenekoz, orain dela 25-26 urte egon zen Aranon, Maria Juana.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!