Memoria lantzeko tailerra, astelehenetan

Kronika - Erredakzioa 2014ko urriaren 25a

Astelehenero, memoria lan­tze­ko saioak hari dira jasotzen Goizuetako 12 jubilatu. Arkupe­ak elkarteak (Nafarroako jubilatuen elkartea) antolatua da. Urriaren 13an hasi ziren eta 12 saio izanen dituzte urtarrilera bitarte. Arratsaldeko 16:00etatik 17:30etara elkartzen dira jubilatuen etxean.
Isabel Etxeberria da Goizue­tako delegatua eta tailerraren berri eman dio Kronikari: «Urte­tan aurrera goazela, memoria ahaztu edo apartatu egiten dugu eta lantzen ez dugulako da. Tailer honetan, ariketa praktikoen bitartez, memoria landu egiten dugu: sudokuak egin, aurpegiak memorizatu... Oso ongi dago». Saioak, psikologo batek ematen ditu. Tailer honetan parte hartzeko, dagoeneko ez dago aukerarik, izena eman behar zen aurrez.

Ikastaro ugari
Arkupeak elkarteak, ikastaro ugari antolatzen ditu: informatika, argazkigintza, frantsesa, pintura eta marrazketa, inausketa eta txertaketa, aktiba zaitez tailerra, sendabelarrak... Hitzaldi eta irteerak ere bai. Etxeberriak azaldu duenez, ordea, beti herri handiagoetan izaten dira: «Donezteben, Leitzan, Elizondon... Oraingo­an, berriz, taldetxo bat osatu zen eta herrian emateko aukera izanen zela esan ziguten. Hemendik aurrera ere, zenbait ikastarotan talde koxkorra osatuz gero, aukera izanen dugu». Orain, informatika ikastaroan ere badabiltzala gaineratu du Etxeberriak, Leitzan.

Udaberrian ere bai
Urritik maiatzera eginen diren ikastaroetan ezin da izena eman dagoeneko, baina udaberrian berriz paratuko dira mar­txan ikastaroak eta apuntatu nahi dutenek, urtarrilaren 23ra arte izanen dute aukera.

Goizuetako jubilatuak, Sendavivan
Goizuetako jubilatuen elkarteak 11 urte beteko ditu abenduaren 18an. 105 bazkide inguru ditu egun. Garai batean 120-130 ere izan omen ziren. Felixa Salaberria da elkarteko diruzaina eta Goizuetan ze antolatu ohi duten azaldu dio Kronikari: «Hilabetean bitan, txapelketa egiten dugu kartetan, Trukean. Urtean, behin, eskursioa ere egiten dugu. Aurten Sendavivan izan gara 35 bat lagun, eta lehengo urtean Hondarribiara joan ginen. Abenduan, berriz, luntxa egiten dugu, baina gehiagorik ez, laguntza gutxi baitugu».
Astean zehar ere elkartzen dira jubilatuen etxean. Ostegun, ostiral, larunbat eta igandetan egoten da irekita 17:00etatik 21:00etara. 30 bat lagun elkartu ohi direla azaldu du Salaberriak. «Kartetan ari­tzen gara normalean; emakumeak trukean, eta gizonak musean», dio. Leku guztietan bezala, tarteka haserre batzuk izan arren, giro ona izaten dela azpimarratu du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!