Aimar Olaizola gaur sartuko da Lau T’erdiko Txapelketan. Egungo txapeldunak, final laurdenetan ekingo dio txapelketari, Oinatz Bengoetxearen aurka. Arratsaldeko 17:00etan izanen da Iruñako Labriten.
Asteazkenean aukeratu zuten materiala eta goizuetarrak halaxe hitz egin zuen gaurko partidari begira: «Neurketa zaila izanen da. Aurkari gogorrenetakoa tokatu zait hasteko. Gaur egungo pilotaririk onenetakoa da distantzia honetan. Oso pilotari azkarra da eta asko defenditzen duena. Oso zaila izanen da irabaztea. Baina oso partida garrantzitsua da niretzat ere, eta irabaztera aterako naiz, dudarik gabe».
«Denak dira faborito»
Kazetarien galderei erantzunez, txapelketa honetan 7 txapela izanda ere, bere burua ez duela faboritotzat ikusten azaldu zuen: «Denak dira faborito niretzat. Edozeinek irabazi dezake. Distantzia honetan oso ongi moldatzen dira denak». Eta gaineratu zuen: «Zurea ematen ez baduzu, besteak erraz irabaziko dizu. Partidan erakutsi behar da. Eta nahiz eta ongi entrenatu, partida egunean ez bazaude ongi, ez dago deus egiteko».
«Konfiantzarekin nago»
Olaizola IIak hainbat lesio edo arazotxo izan ditu azken aldian, baina erabat errekuperatuta dagoela azaldu zuen: «Gustora nago. Azken partiduetan ongi sentitu naiz, ez dut molestiarik nabaritu. Konfiantzarekin nago eta uste dut txapelketa baterako hori dela garrantzitsuena».
Pilotekin arazorik ez
Labriten bertan elkartu ziren Olaizola II eta Bengoetxea VI gaurko materiala aukeratzeko. Biak gustora azaldu ziren aukeratutako pilotekin eta alde horretatik ez dela arazorik izanen azaldu zuen goizuetarrak.
Aukeratutako materiala: Olaizola IIak, 105,9-105,3 g. Eta Bengoetxea VIak, 105,6-104,5 g.