Tranbia ibilbidea eraberritzeko lanak datozen asteetan hasiko dira eta datorren urteko Gabonetarako bukatzea espero dute. Orain bi aste errepidean betelana egiteko beharrezkoak diren aurrelanak hasi ziren eta epe motzean hasiko dira errepidea altxatzen.
Helburua da, errepidea Urumea Berri eta Arrobitxulo auzoak dauden altuera berdinera igotzea eta, bide batez, inguru guztia berriz urbanizatzea. Gaur egunean Tranbia ibilbideak lubaki (trinchera) moduko bat sortzen du, errepide ondoko bi auzoak baino bajuago baitago. Euri asko egiten duenean ura, pilatu egiten da bertan. Udalak azaldu duenez, «lanak bukatuta, eta Arrobitxulo, Urumea Berri eta Tranbia ibilbidea altuera berdinean egonda, zailagoa izango da lubaki horretan ura pilatzea eta ondorioz, ibaia bertaraino iristea ur saneamendu saretik edo beste bideren batetik».
Gailur promotorak bere gain
Egin beharreko lanak oso konplexuak direla azaldu du Udalak. Gailur promotorak hartuko du bere gain obraren kostua, Urumea Berriko proiektu urbanistikoa garatu ahal izatearen ondorioz.
Urumea Berri, Arrobitxulo eta Tranbia ibilbideko bizilagunak izango dira lanen eragina gehien jasango duten herritarrak eta Udal ordezkarien ahotik obrak nolakoak izango diren entzuteko aukera izan zuten pasa den astean.
1. Fasea: Betelana,
errepidea altxatzeko
Aurrelanak bukatu bezain laster hasiko dira errepidea altxatzeko obrak. Tranbia ibilbidea trafikora itxiko da, eta bertara autobusak eta Tranbia ibilbidetik sarbidea duten garajeetako kotxeak bakarrik sartuko dira.
Testiguak jarriko dira errepidean betelana egiteko materiala nola konpaktatzen den ikusteko. Behin-behineko asfalto geruza bat jarriko zaio errepideari. Horrez gain, Tranbia ibilbideko 1, 3, 5 eta 7 atarien aurreko espaloia berrituko da. Gabonetarako bukatzea aurreikusten da.
2. Fasea: Kontsolidazioa
Betelana egiteko, materiala konpaktatuko dute. Tranbia ibilbidea trafikora irekiko da eta lehenengo fasean errepidearen ertzean jarritako testiguek esango dute noiz konpaktatu eta kontsolidatzen den errepide azpiko materiala. 2015eko udara hasierarako espero da amaitzea.
3. Fasea: Hiritartzea
Egindako betelana kontsolidatuta dagoenean, errepidea asfaltatu eta pintatuko da. Inguru guztian espaloi eta berdeguneak jarriko dira. Gaur egun Tranbia ibilbidean dauden badenak kendu eta zebrabideak altxako dira kotxeen abiadura moteltzeko. Erribera plaza eta Arrobitxuloko plazaren artean geratuko den errepide zatian espaloietako baldosak jarriko dira, bere izaera peatonala azpimarratzeko. Espazio honen inguruan, autobus paradak ere jarriko dira.