«Saroiak ondo matendu dira hemen asko erabili izan direlako; oso praktikoa zen»

Kronika - Erredakzioa 2014ko urriaren 25a

Ba al zenekien Lastaola, Alka­txurain edota Akola izenak orain dela mende mordoxka bertan zeuden saroietik datozela? Eta Latxeri Latsa deitzen ziotela eta erreka esan nahi duela? Honelako kontuez eta beste hainbat istorio interesga­rriz ariko da Luis Mari Zal­dua, asteazkenean.  Ereño­tzu inguruko historia, toponimia eta saroiak izene­ko hitzaldia emango du. 2011n, Doktorego Tesia bukatu zuen Zalduak, Urumeako Zilegimendietako Toponimiari buruzkoa, eta lan mardul hura osatzeko, informazio ugari bildu zuen.

Toponimia esan liteke, gizakiak lekuak deskriba­tzeko erabiltzen dituen izenak direla; toki izenak. Eta zer dira saroiak?
Esan bezala, Urumeako Zile­gi­mendietako toponi­mia izan zen nere doktorego tesia. Zilegimen­diak dira, mendi komunalak (montes francos). Hau da, herritarrek modu librean erabili ditzaketen lurrak, zergarik ordaindu gabe. Herritarrek mendi horiek erabili eta ustiatzeko eskubidea zuten. Gipuzkoan, ertaroan, lur denak Zilegimendiak ziren. Gaur egun, Aralar eta Aizkorrin mantentzen dira, nolabait.
Hori bai, desberdindu behar dira, mendi komuna­lak eta herri lurrak. Herri lurrak Udalaren jabetzakoak izaten dira; Zilegi­mendiak ez ziren Udalarenak. Jatorrian, herritarren batzarrak kudea­tzen zuen, nahiz eta urteekin hori ere aldatzen joan.
Eta saroiak ziren, Zilegi­mendietako lur hori ku­dea­tzeko sistema. Abeltzaintza nola antolatu? Saroien bidez.

Nola betetzen zuten funtzio hori saroiek?
Saroiak dira toki bat, eremu bat; eta ez dira itxiak. Forma berezia izaten dute: boro­bilak dira. Azienda mendira bidali ahal izateko, saroi bat behar zenuen, saroi bat erabiltzeko eskubidea behar zenuen. Eguzkiz eguzkiko sistema izaten zen. Egunez, aziendak libre larretzeko aukera izaten zuen lur horietan, baita beste saroIe­tan ere. Behin gaua iristean, bakoitzak bere saroira buel­tatu behar zuen. Horrela bazekiten bertako edo ingu­ruko abeltzainak ibiliko zirela eta mendiaren kaudi­mena zehaztuta zegoela; ez zela gehiegi ustiatuko.
Urumeako Zilegimendiek 38 km2 dituzte eta 40 bat saroi baziren, behintzat. Horietatik 29 Ereñotzun zeuden. Eta arta-mugarri asko mantentzen dira oraindik.

Borobilak zirela esan duzu.
Bai. Erdiko harria dago (artamugarria) eta handik abiatuta egiten zuten borobila. Saroiaren mugan, 4 edo 8 mugarri jartzen ziren. Urumeako kasuan, 8. Artamugarrian, laukia zortzi zatitan banatzen zuten, alderik alde doazen lau marrarekin, eta marra horiek jarraituz jartzen ziren kanpoko 8 mugarri horiek.
Neurriak ere zehatzak ziren. Bi neurri zeuden: txikia edo haundia. Txikiak 12 gorabilako erradioa du (164,4 metro); eta haundiak 24 gorabilakoa (329,28 metro). Gaur egun, metroa erabiltzen da, baina garai batean, Euskal Herrian, oinarekin neurtzen zen. Oin bakoitza, 0,28 m zen. Eta zazpiko sistema erabiltzen zen. 7 oinekin, gizabetea egiten zen: 1,96 metro. Gizabetea x7 eginez, gorabila lortzen zen: 13,72 metro. Saroi haundiak askoz gutxiago ziren, eta Ereñotzun bertan, baziren 4 bat.

Noizkoak dira saroiak?
Urumeako saroien lehenengo aipamen idatzia, 1178 urtekoa da. Aparrain aipatzen da eta baita Amilibia ere (Ugalde­txon). Orduan, Iruñeako kate­dra­larenak ziren saroi horiek. Dirua hemen bazela adieraz­ten du horrek. Saroiak ziren gaur egungo poligonoak, eta abeltzaintza zen diru iturria. XVI gizaldi hasieran, Udalak erosi zituen Iruñeako katedra­larenak ziren saroiak.
Guk indusketa batzuk egin genituen bere garaian, arta­mu­ga­rrienak, ze urtetakoak ziren jakiteko. Batean, K.O. IIgarren gizaldikoa zela atera zen; beste batean, K.O. VIga­rren gizaldikoa. K.A.koa ere bai… Beraz, ez dakigu zehatz, baina bai, oso zaharrak direla.
Gainera, Euskal Herrian baka­rrik ikusi da sistema hau eta ingurune berdean, hau da, Artaxoa edo Nafarroa Erdialde­ra arte.

XVI gizaldian, Udalak erosi zituen, orduan.
Mendi hauen kontrola Donostiak eta Hernanik zuten orduan. Urnieta oraindik ez zegoen. XVII gizaldian sortu zen. Eta orduan beraiek ere eskubidea zutela esan zuten. Mendiak zatitu egin zituzten 1671 urtean: 4 zati Donostiaren­tzat, 3 zati Hernanirentzat eta 2 zati Urnietarentzat. Oraindik, Landarbaso eta Irakurri ingurua ere, Donostiarenak dira. Azketa ingurua ere garai batean bai, baina Hernanik erosi egin zuen.

Ereñotzu, toki egokia al da saroiak aztertzeko?
Saroiak oso ondo mantendu dira hemen. Alkatxurain, Akola... inguru horretan oso ondo mantendu dira. Hori da, asko erabili izan direlako, oso praktikoa zelako sistema. Topominia ere, oso gauza praktikoa da. Izenak ez ziren jartzen poetikoa zelako, ez; gizakiarentzako oso baliagarriak zirelako.

Eta nolakoa da hemengo toponimia?
Hemen, oso orografia aberatsa dugu: mendi, erreka, iturri, zulo... asko. Horregatik, izen asko daude. Toponimia oso aberatsa da. Eta oso deskribatzailea da. Eta oso gizakitsua, oso agerikoa da gizakia asko ibili zela inguru hauetan. Naturarekin lotutakoak dira izen asko eta baita giza jarduerarekin ere. Gaur egun, gehienak desagertu dira. Dakizkigunak baino gehiago dira ez dakizkigunak.

Adaketak ere izan dituzte izenek, ezta?
Adibidez, Epele eta Latxe esaten dira gaur egun, baina garai batean Epela eta Latsa ziren. Arautzeko momentuan, nola idatzi erabakitzerakoan, elkarrizketatuak eta artxiboko dokumentazioa hartu ditugu kontuan. Dokumentuetan azaltzen diren kasuan haiexek hartu ditugu, zaharragoak baitira. Forma osoena man­ten­tzen ahalegintzen gara. Jendeak, gaur egun esaten den bezala esan behar du, baina idazterakoan, arautu bezala idatzi behar da. Polemika sortu dezake, baina demostratua dago dokumentuetan garai batean halaxe esaten zela.

Zeren arabera jartzen dira izenak?
Irizpide bat, zerbait berezia kontuan hartzea izan daiteke, ingurutik desberdintzen den zerbait. Hau da, imajinatu bi aizkolari garela eta zuhaitzak botatzeko geratu garela Ereñotzun. Zu ez zara bertakoa eta han hariztia da dena. Non geratuko gara? Pago sail bat dagoen lekua izan liteke. Ereñotzu, adibidez, halaxe sortuko zen. Ereinotz edo erramu gutxi batzuk izango ziren bertan eta izen hori jarriko zioten. Egia esan, etimologia da zailena, izen horien jatorria jakitea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!