«Asmoa daukagu bilera egiteko, guk eta bizilagunek elkar ezagutzeko»

Kronika - Erredakzioa 2014ko urriaren 25a

«Hementxe, kale gorrian daramakigu urtebete baino gehiago!», diote gazteek. Baina gazte lokalen funtzionamendua erregulatzeko ordenantzari errekurtsoak jartzeko epea bukatu bezain laster, lehengo lokalera bueltatzeko asmoa dute. Udalarekin elkarlanean aritu dira ordenantza hori sortzeko. «Orain, modu legalean egongo gara lokalean».

Arazo batekin hasi, eta konponbidera iritsi. Nolakoa izan da prozesua?
Lehengo urteko martxoa edo apirila aldera gertatu zen. Hilabete ere ez genuen egin lokal hartan. Lehenengo asteburuan bertan sortu zen arazoa. Gaineko bizilagunak keja jarri zuen, soinua ateratzen genuela-eta. Udaltzainei deitu zien, bere umeak ezin zuelako lo egin zaratarekin. Baina gaueko 21:00ak inguruak besterik ez ziren, eta ez ginen zarata egiten ari. Besterik gabe, Bartzelonak jokatutako futbol partidu bat ikusi genuen, eta goool!, egin genuen buila. Ez besterik.

«Poligonoetako zulo hartan ginenean, ez genuen molestatzen! Inor ez zen gurekin gogoratzen!»

Bizilagunak berak azaldu al zizuen keja? Ala Udaltzaingoa joan zitzaizuen?
Bizilagunak erratzarekin soinua atera besterik ez zuen egin. Ez zen sekula ere guregana jai­tsi ezer esatera edo hitz egitera. Normalena da zuzenean guregana hitz egitera etortzea, lehenengo aldian behintzat. Baina zuzenean udaltzainei deitu zien. Hirugarren aldiz deitutakoan, udaltzainak joan zitzaizkion etxera, eta haiek esaten ziguten belarria lurrari pegatuta eduki zutela, eta ez zela ezer entzuten! Eta hori, kontuan hartuta etorritako udaltzain hura ez dela oso gure aldekoa...

«Zaharrek zaharren egoitza dute, helduek tabernak edo etxean egoteko aukera, eta gazteok?»

Gainontzeko bizilagunekin ere izan al zenuten arazorik?
Bat ere ez! Gainera, lokalaren ondoan estetika zentro bat dago, eta pentsatu genuen hura molestatuko genuela, beti han ondoan egoten ginelako. Baina bera pozik zegoen gurekin. Kejaka ibilitako bizilaguna nor den ez dakigu, baina ez da lehenengo aldia beste norbaitekin liskarrean ibiltzen dena. Guk inguruko bizilagunei eta komertzioak zituztenei galdetu genien, eta denak zeuden pozik gurekin.

Baina azkenean, lokalik gabe gelditu zineten...
Presioa egin zuen udaletxean, eta Udalak prezintatu egin zuen lokala. Azaldu ziguten arazoa zela, gazte lokalen erabileraren inguruko araurik ez zegoela, eta egin egin behar zela.

«Astigarragan ez dago kalean egoteko tapatutako tokirik. Udaran ederki egoten da kalean, baina Euskal Herrian, euria, hotza eta haizea egiten ditu gehiago!».

Hain zuzen, zuekin aritu da Udala elkarlanean, ordenantza egiteko.
Bai. Batzuk mugitzen hasi ginen, azaldu zigutelako legea beharrezkoa zela lokalean egon ahal izateko. Hemen inguruan ez zegoen horrelako ordenan­tzarik, eta guk Urnietan eta Lezon dauden irizpideak hartu genituen oinarri, eta moldatu egin genituen, Ione Olaziregi zinegotziarekin bilduta. Gero udaletxean aritu dira teknikariak, moldaketak egiten.

Zein dira zuen eskaerak?
Kontua da ez daukagula non egon edo bildu. Gaztetxoenek gazte lokala daukate; zaharrek, zaharren egoitza; helduek tabernak, edo etxea bera... Eta gazteok? Guk ez daukagu non egon! Eta tabernetan ezin gara ibili beti! Baina herrian ez dago lekurik, eta gutxiago, tapatuta dagoena. Udaran ederki egoten da kalean, baina Euskal Herrian euria, hotza, haizea egiten ditu gehiago! Ez dugu beste munduko ezer egin nahi. Telebista ikusi; bideo-jokoetan ibili; ba­tzuetan, baita etxerako lanak egin ere! Edo besterik gabe, lasai egon eta tertulian aritu. Frontoiaz aparte, ez dago beste ezer, eta hor ume txikiak ari badira jolasten, ez gara sar­tzen.

Ezagutzen duzue arazorik izan duen beste koadrilarik? Zuek izan duzue besterik lehenago?
Lehenago poligonoetako garaje batean egon ginen. Gainon­tzekoek ere han dauzkate lokalak. Baina han ez dago kejarik. Arnasa ere ezin zen hartu han! Poligonoetako zulo hartan gi­nean, ez genuen molestatzen! Inor ez zen gurekin gogora­tzen! Bestela, orain 2-3 urte inguru, beste gazte koadrila batek izan zuen arazotxoren bat bizilagunekin, baina elkarren artean konpondu zuten. Beti egin izan den bezala! Hori da normalena!

Ordenantza sortzeko prozesuan parte hartu duzuenez, ondo ezagutuko duzue. Ados zaudete? Gustatzen zaizue?
Zailena izango da ordutegiari jarri zaizkion limiteak bete­tzea, eta aseguruaren kontua. Gazteak gara, eta... Ikasleak gara gehienok, eta ez daukagu dirurik! Eta lokalen jabeentzako ere, lan eta gastu haundiagoa da. Gainontzekoa ondo dago. Ordutegia bera ere, astean zehar normala da. Baina asteburuetan... 01:00ak aise pasa­tzen dira! Eta horrek ez du esan nahi zarata ateratzen dugunik. Besterik gabe, telebista ikusten, lasai bagaude, ez litzateke arazorik sortu behar. Pelikula bat ikusten jarriz gero, aise jotzen digute goizeko 02:00ak! Salvame ere ordura arte egoten da! Bizilaguna gonbidatu beharko dugu!

Ordenantza berriarekin, lokala erabiltzeko eskaera egin behar da aurretik. Hasi zarete prestatzen?
Proiektua egiten hasi gaitezke dagoeneko, eta lokalaren neurriak eta gure datuak badauzkate udaletxean. Gure asmoa da ordenantza ofizialki mar­txan jartzean, lokalean sar­tzea. Jabea ados dago gurekin, eta berriz alokatzeko prest dago. Ordenantzarekin ere lagundu digu. Gainera, lokalak arauak betetzen ditu: komuna badu, neurriak betetzen ditu... Eta zerbait egin behar bada, gu prest laguntzeko!

Lokala berreskuratuko duzuela uste duzue, hortaz. Arazo berririk espero duzue?
Asmoa daukagu bilera egiteko, guk eta bizilagunek elkar ezagutzeko. Esplikatu nahi diegu zer egin dugun hor egon ahal izateko, eta argitzeko, hemendik aurrera legearen barruan egongo garela. Kezka bakarra daukagu: lehengo bizilaguna. Seguru lehenengo egunean bertan 01:00etarako zain egongo dela, ea garaiz ixten dugun ikusteko! Eta kasu horretan, isunek ere kezkatzen gaituzte pixka bat. Arau hauste txikienarengatik 150 euro ordaindu beharko ditugu!

Hala ere, arazorik sortzen bada, Bizikidetza Mahaian egoteko aukera izango duzue.
Bai. Bertan egongo ginateke gu, jabearen lokala, eta arazoa duen bizilaguna. Azken batean, hori da normalena. Ara­zoak elkarrekin hitz eginda konpontzea, adostasun batera iristea. Baina kontua da, bizilagun honek lehenago ere ez duela hori egin! Ez diogu aurpegia jartzen, ez delako sekula guregana etorri, hitz egitera.

Gero gerokoak. Orain, ordenantza indarrean jarri eta lokala berreskuratzea
besterik ez zaizue geratzen.

Hau dena egin dugu lokala berriro lortzeko. Ordenantza indarrean sartzean bertan egotea espero dugu.

 

Aisialdirako eta atsedenerako eskubideak errespetatzeko arauak

Gazteen, lokalen jabeen eta bizilagunen arteko errespetua ditu oinarri ordenantzak. Hilaren 27 eta 29an aurkezpena egingo da.

Gazte koadrila baten eta inguruko bizilagunen artean sortutako gatazken harira egin da ordenantza hau, gazte lokalen erabilera arau­tzeko eta gazteen dibertsio­rako eskubidea eta bizila­gunen deskantsurako eskubi­dea bermatzeko.
Arazo horiek zirela-eta, gazteen lokala hustu egin zuen Udalak, baina segidan, gazte horiekin lanean hasi zen, elkarbizitza ahalbide­tuko zuen ordenantza bat sortzeko. Horrelako ordenan­tzarik ez zegoenez, antzekoak ziren batzuk hartu zituen oinarri Udalak. Horietan, ordutegiak, arauak ez bete­tzearen ondorioz jarri zitez­keen isunak... zehazten ziren. Horiekin osatu zuten pro­posamena teknikariek, eta gazteei erakutsi zieten ondoren, hauen iritzia jaso ahal izateko. Orain, emaitza publiko egin dute, eta 30 eguneko epea dago, erre­kurtsoak jartzeko.

Gazte lokalen erabileraren inguruko arauak
Ordenantza hau ez zaio aplikatuko edozein motako lokali; diru irabazi asmorik gabeko jardueretarako erabil­tzen direnei bakarrik aplika­tuko zaie, normalean, gaz­teek aisialdirako erabil­tzen dituztenak. Komertzioak, os­talaritza negozioak... beza­lako lokalek beste mota bateko arauak izaten dituzte.
Helburua da bermatzea gazteek ondo pasatzeko duten eskubidea, eta ingu­ruko bizilagunek deskan­tsurako dutena.

Arauak jarri dira lokaletako ordutegiak, lokalen erabilera eta garbitasuna eta lokaletako jardueraren inguruan.

Arauak, ordutegiaren eta erabileraren inguruan
Ordenantzak hainbat arau eta debeku zehazten ditu.
Batetik, ordutegia zehaztu da. Gaueko 22:00etatik au­rrera lokaleko ate eta lehioak itxita eduki behar dira; gaueko 22:00etatik goizeko 09:00etara ezingo da zarata gogaikarririk atera; eta 23:30e­tatik aurrera lokalak itxi egingo dira (ostiral, la­run­bat eta jaiegun bezpe­retan 01:00ak arte ireki ahal izango dira).
Bestalde, lokaleko erabil­tzai­leek 16 urtetik gora izan beharko dituzte.
Jarduerari dagokionez, berriz, guztia lokal barruan egin beharko da, eta ezingo da gune publikorik okupatu edo bertan zaratarik atera. Era berean, lokalaren kan­poko aldea edo ingurua garbi mantendu beharko da.

Hainbat debeku
Arauak zehazteaz gain, hainbat debeku ere ezarri dira. Batetik, ezin izango da egin gazteentzako lokalen jarduerarekin lotuta ez da­goen ekintzarik; hala nola, produkturen baten saleros­keta. Era berean, ezingo da lokala etxebizitza moduan erabili.
Bestetik, debekatuta egon­go da sua sortzeko erregaiak edo produktu piroteknikoak bertan gordetzea.
Kea edo 65 dB baino soinu altuagoa ateratzen duten tresnak ere debekatuta egon­go dira, lokala ez badago akustikoki isolatua edo ez badu kea ateratzeko estrak­torerik. Lokalak duen aforoa ere ezin izango da gainditu (aforoa zehaztu egin beharko da lokal bakoitzean).
Azkenik, animaliak ber­tan bakarrik uztea edo gaue­an animaliak bertan edu­ki­tzea ere debekatuta egongo da.

Lokala erabiltzeko eskaera
Lokala erabiltzen hasi au­rretik eskaera egin beharko da udaletxean.
Horretarako, hainbat datu eman beharko dira. Besteak beste, erabiltzaileen datuak (adin txikikoak badira, gura­soenak), jabearen datuak, lokalaren deskribapena (ko­mun bat izan beharko du, eta hainbat segurtasun, higiene eta hirigintza arau bete be­harko ditu), jabetza egiazta­tze­ko dokumentua edo alo­kai­­ruaren kontratua, orde­nan­­tza hau errespetatuko dutela dioen aitorpena, eta ase­guruaren kopia.

Arazoak sortuz gero, elkarbizitzarako protokoloa
Ordenantzan zehazten diren arauak edo debekuak erres­petatzen ez diren kasue­ta­ra­ko, protokoloa ere ze­haztu da. Hasteko, sortzen den arazoan inplikatuta dau­den alde guz­tiek ordezka­ri­ren bat izango dute: lokaleko erabiltzailetako bi, kexa jarri duen bizilaguna edo porta­le­ko administra­tzailea, lokale­ko jabea eta Udaleko Gazteria zinegotzia, Hirigintza zine­gotzia, Udal­tzaingoa edo tek­nikari bat (beharraren ara­bera).
Kexa bat dagoenean, udaltzainak jakinaren gaine­an jarriko ditu bi aldeak, kexa egiaztatuko du, eta elka­rrizketa bideratuko da inpli­katuen artean. Kexa edo arazoa errepikatzen denean, berriz, Bizikidetza Mahaia jarriko da martxan, arazoari konponbidea denen artean bilatzeko, edo egokiak diren isun edo zigorrak ezartzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!