Azaroan lotara joango da, eta oraintxe da ingela berdiak ikusteko azken sasoia. Ur bazterrean topatuko ditu hartara dijoanak, baina seguru asko ez du udara inguruan izan litekeen zalapartarik sumatuko, ernaltzeko garaia bukatua baitu anfibio txiki honek. Ur zalea da, eta Hernani osoan da ezaguna, erreka, errio edo putzu bazterretan egoten baita, eltxo edo elbien zai, sekulako akrobaziak egiteko gai den animalia arin hau. Uretan jartzen ditu arrautzak, eta handik jaioko dira txalburuak, astebete ingurura. Batez ere, Aiako Harria inguruan biltzen dira oraindik talde haundian, Malbazarren, Akola aldeko Putzuzar eta Askaxarren, edo Epeleko Zepadiko putzu egin berrian.
Erreka, errio edo putzu bazterretan egoten da, eltxo eta elbien zain. Sekulako akrobaziak egiteko gai da ingela berdia.
Ez da haundia, 6-8 cm ingurukoa, berde argi edo iluna izan liteke, eta sabel txurikoa. Saihetsetan bi zain lodi ditu, batetik besteraino. Bere lehengusu ingela gorriak bezala begi haundiak ditu, baina berdea txikiagoa da, eta kantaria, bestea ez bezala.
Ibarluzen, ‘Ingelatierra’
Ez orain dela urte asko arte, Ibarluzeko erriberetan ezaguna zen Ingelatierra izeneko lekua, orain Arraun elkartea eta Garbigunea dauden toki horretantxe. Horko lokatz, lezka eta belar artean sekulako ingela pilak biltzen ziren, eta ingela arrak kantari aritzen ziren, emeei, eta aldameneko arrei, esanaz: «hemen ni, pieza eder askoa!». Eta aldamenekoak erantzun: «kro! Bai ni ere!» eta «krokrorrroorrr!» ehundaka ingela entzungo zituen parean pasatzen zenak.
Urumea bailaran ingela eta iela hitzak erabiltzen dira, eta gaur egun, baita euskara batuko igela ere. Ereñotzun ia denek ingela erabili izan dute, eta baita Osiñagan ere, edo Portun, edo Ergobia eta Astigarragan ere. Santa Barbara eta Jauregi aldean, eta Hernaniko beste hainbat lekutan iela esaten zaio, eta baita Arano eta Goizuetan ere.
Hernaniarrei entzuna:
Ba omen ziren bi leku Hernanin, bat Ingelatierra eta bestea Londres. Ingelatierrako semea mikeleteek geratu, eta galdetu: «¿De donde es usted?» eta besteak: «De Ingelatierra» eta mikeleteak: «¿Y a donde va?» eta besteak: «A Londres». Eta epelak eman omen zizkioten, gizarajoari, adarra jotzen ari zitzaielakoan.
FITXAK
1. Rana temporaria - Ingela gorriya / ingela lehorrekua
2. Lissotriton helveticus: Lauhankekua / arrobiyua
3. Bufo spinosus: Zapua
4. Zootoca vivipara: Suangilla
5. Vipera seoanei: Sube gorriya
6. Zamenis longissimus: Sube beltza / sube nabarra
7. Triturus marmoratus
8. Podarcis muralis vs. pod. liolepis: Suangillak
9. Lacerta bilineata: Muskarra / Muzkarra
10. Natrix maura vs. Natrix natrix: Ur subia vs. Sube berdia / sube urdina eta sube lepotxuriya
11. Anguis fragilis: Ziraba / zirauna
12. Pelophylax perezi: Ingela berdia / ingela urekua / iela
13. Salamandra salamandra: Arrobiyua / mendi-arrobiya
14. Alytes obstetricans: Zapo ttikiya