Eusko Jaurlaritzak 2014 urtean euskal komunikabideak diruz laguntzeko partida nola banatu duen jakin zuen Kronikak lehengo astean. Eusko Jaurlaritzak erabakitakoaren arabera, Kronikak 28.848 euro jasoko ditu aurten, aurrekontuaren %8,93a. Iaz baino 7.211 euro gutxiago. Aurreko urtean 36.059 euro jaso zituen.
Era berean, Hernaniko Kronikak aurten ez du laguntzarik jasoko Interneteko jardunari bideratutako partidan. Aurreko urteetan beti jaso izan du dirulaguntzaren bat.
Guztira, beraz, iaz baino %20a baino gehiago jaitsiko zaio Kronikari. Honen ondorioz, besteak beste, azaroan bi orriko aleak argitaratuko dira igandeetan, eta ez zortzikoak.
Irizpideen aldaketa
Diru laguntzaren ebazpenaren berri jakin du Kronikak, baina ez da oraindik argitaratu Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean. Kronikak duen informazioaren arabera, diru laguntzak banatzeko irizpideak aldatu dira aurten. Kronikak oraingoz dakiena da, irizpideetan jaso duen puntuazioa, baina ez zergatik eman zaizkion hain puntu gutxi.
Eusko Jaurlaritzak 70 puntutan baloratu du zenbat herritarrengana iristen den komunikabidea, eta Kronikari 5 puntu eman dizkio.
Kronika debalde banatzea zigortu da
Kronika debalde banatzen da, eta Eusko Jaurlaritzaren irizpide berrien arabera, debalde banatzea zigortu egin da. Ez dago ikerketarik, euskerazko komunikabide guztien irismena neurtzen duenik. Eta horregatik, Eusko Jaurlaritzak beste kriterio batzuen arabera baloratu du zenbat irakurtzen den. Alegia, harpidetza eta etxez etxeko banaketa baloratu ditu gehien; eta Kronika debalde hartzea gutxien. Puntutan, 70etik 5 eman dizkio Kronikari.
Errekurtsoa prestatzen
Dobera Euskara elkarteak jakinarazi nahi du ez dagoela batera konforme erabaki horrekin, eta errekurtsoa prestatzen ari da.
Badaude azterketak eta zenbait datu demostratzen dutenak Kronika jende askorengana iristen dela. 2006 eta 2011 urteetan Ikertaldek eta Eustatek egindako inkesten arabera, %75etik gora euskaldunek irakurtzen dute egunero Kronika; eta erdaldunen %53k.
Eusko Jaurlaritzarekin bildu nahian
Dobera Euskara Elkartea Eusko Jaurlaritzarekin biltzeko saiakera egiten ari da ebazpena jaso zuenetik.