Ostegunetik irekita dago Urumea Berriko kirol anitzetarako gunea. Berdegune horretan hainbat kirol eta aisialdi jarduera egiteko aukera izango dute astigartarrek eta 09:00etatik 23:00etara erabili ahal izango da; argiek ere ordutegi horren arabera funtzionatuko dute. Udalak gogorarazi du belar artifizialeko pistara eta frontoi txikien eremura ezin direla txakurrak sartu: «Denon ardura da gunea txukun mantentzea», azpimarratu du.
«Negoziaketen fruitua izan da»
Horrez gain, proiektuaren inguruan honakoa azaldu du Udalak: «Urumea Berriko proiektu urbanistikoaren aldaketaren ondorioz lortu da auzoan gune hau zabaltzea. Udalak doan jasoko du pista hau gainera, proiektua garatzeko promotorak bete beharreko lanetako bat delako. Legegintzaldi hasieran zegoen proiektu urbanistikoan ez zegoen horrelako gunerik aurreikusita, eta lanak bukatzerakoan balorerik gabeko gune berde batek eta errepide batek okupatuko zuten partzela hori. Eraikitze lanen gelditzearen ondorioz ordea, eta Alkatetzaren eta promotoraren negoziaketek emandako fruituei esker, Urumea Berriko proiektu urbanistikoa berriz antolatzea lortu zen. Modu honetan, eta horrelako azpiegituren beharra kontuan hartuta, gune horretan ostegunean zabaldu zen kirol anitzetarako pista hori eraikitzea lortu da».