Udalak urtero bezala, hitzarmena sinatu du Mundarro Kirol Elkartearekin. Baina aurten, aldaketa bat egon da klausula batean. Hizkuntzari dagokion klausulan, hain zuzen. Udalak, euskeraren erabilera indartu nahi du eta Mundarrok ere lanerako hizkuntza euskera izatea nahi du. Helburu horrekin, ekimen desberdinak antolatu dituzte eta ostegunean, entrenatzaileei zuzendutako hitzaldi edo tailer bat izan zen. Bi kirolari profesional ohi izan ziren bertan, euren esperientziaren berri emanaz: Mikel Labaka futbol jokalari ohia eta Realeko jubenilen bigarren entrenatzailea, eta Reyes Carrere eskubaloi jokalari ohia eta Bera Berako lehenengo taldearen entrenatzaile izandakoa, joan den urtera arte.
Denbora inbertitzea, merezi
Mikel Labakak argi hitz egin zuen. Konplejuak gainditzen joan behar dela azaldu zuen: «Euskeraz ez dakiena ez diskriminatzeagatik erderaz hitz egiten bukatzen dugu eta azkenean, euskaldunak diskriminatzen ditugu. Konpleju asko ditugu eta horiek gainditzen joan behar dugu. Euskaldunak gara eta euskeraz hitz egiten dugu. Xinplea da». Beraiek, euskeraz egiten dutela lan azaldu zuen eta euskeraz ulertzen ez dutenei itzuli egiten dietela. «Erosotasunagatik askotan ez da egiten. Erderaz dagoena itzuli behar, besteak ez nau ulertuko… Baina detaile txikiak aldatzea, eguneroko gauzak aldatzea da garrantzitsua. Denbora inbertitzeak merezi du. Ez dakienak ere, errepikatzen diren gauzak ikasi egingo ditu: euskeraz kontatzen adibidez. Ez da hitz teknikoak euskeraz erabiltzea, eguneroko komunikazioa euskeraz izatea baizik. Entrenatzaile batek euskerari garrantzia emateak, sekulako eragina du».
Reyes Carrere bat etorri zen euskera erabiltzen bada, ez dakienak ere ikasi egiten duela. Hala ere, zenbaitetan zailtasunak izaten direla aitortu zuen: «Talde berean, askotan, herrialde desberdinetako jokalariak daude eta 4-5 hizkuntza hitz egiten dira. Batzuetan zaila da». Baina txikiekin behintzat lan hori egin behar dela azaldu zuen, etorkizunera begira ohitura hori barneratuko dutelako. Euskera zein baliagarria den ere azpimarratu zuen: «Guk partiduetan, gauza estrategikoetan asko erabiltzen genuen, aurkariek ez baitzuten ulertzen». Eta gaineratu zuen: «Gure taldean gehiengoa euskalduna izatea, harrotasun bat ere bazen guretzat. Identitatea. Euskal taldeek, euskaldun taldeak ere izan behar dute».
Mundarro, pausoak ematen
Juanan Larrañaga Mundarroko koordinatzaileak azaldu zuen, Mundarrotik hasi direla pausoak ematen eta zeregin horretan jarraituko dutela. «Dauzkagun entrenatzaileen artean %95a euskalduna izatea lortu dugu. Web orrian euskerari presentzia gehiago ematen ere ari gara; kronikak euskeraz igotzen hasi gara, besteak beste. Instituzioekin harremana euskeraz dugu, eta gurasoekin ahal den neurrian ere bai. Entrenamendu eta partiduetako garaian gehiago saiatu behar dugu. Pixkanaka, joango gara hori ere aldatzen».
Andoni Gartzia alkateak datu batzuk aipatu zituen: «Udal honen ardura izan da beti euskeraren erabilera indartzea. Eta 5 urtetik behin neurketak egiten dira euskeraren egoera zein den jakiteko. 1996an egin zen lehenengoa eta 2011n azkenekoa. Garai hartan, %40 erabiltzen zen euskera eta azken ikerketen arabera, %30. Haurretan ere jaitsi egin da. Beste herrietan gertatzen ez dena gertatu da Astigarragan. Haurren erabilera %65ekoa zen eta orain %45ekoa».