«Etxeko ateak irekitzea ideia indartsua da»

Kronika - Erredakzioa 2014ko urriaren 23a

Bizilagunak ekimena mar­txan dago beste urte batez. SOS Arrazakeriak antolatzen du, eta Hernanin, Amherrek ba­besten du. Asmoa da bertako eta atzerriko familiak bazkari baten bueltan elkartzea, elkar ezagutu, aurreiritziak puskatu eta harremanak sendotzeko.
Aurten, azaroaren 23an egingo da bazkaria, elkar ezagutuko duten bi familie­ta­ko baten etxean. Izen ematea irekita dago, eta familian, bikoteka edota lagun taldeka eman daiteke izena: 943 32 18 11 edo info@mugak.org.

15 bazkari, iaz
Lehengo urtean 30 familiak ezagutu zuten elkar Hernanin, 15 bazkariren bueltan. Horie­tako bazkari bat egin zuten Mikel Von Wichmann eta Maia­len Auz­mendik, beste la­gun ba­tzuekin. Marruekos eta Arge­liako 7 lagunekin elkartu zi­ren haien etxean. «Batzuetan ke­jatzen gara atzerritarrak el­karren artean ibiltzen direlako, eta ez dire­lako irekitzen. Baina guk gau­za bera egiten dugu. Ekimen hau oso ona da harre­manak egiteko eta aurreiritziak pus­katzeko. Asko daukagu el­ka­rri emateko eta ikasteko».
Txemi Apaolazak duela bi urte hartu zuen parte, emaz­tearekin batean. Sene­galeko hiru mutilekin elkartu ziren, etxean. «Etxeko ateak ireki­tzea sinbolikoki oso indartsua da. Lasai eta konfiantzarekin aritu ginen hizketan, beraien espe­rien­tzien inguran, erli­ji­oaz, di­tuz­ten beharrei buruz...   Ha­rre­­mana mantentzen dugu. Bik Hernanin jarraitzen dute, eta hirugarrena Bermeo al­dean dabil, arrantzan».

Familian, pisukideen artean edo lagun artean
Mikel Von Wichmann eta Maialen Auzmendik 3garren urtea dute aurten, ekimenean parte hartzen. «Duela bi urte gurasoekin hartu genuen parte. Nikaraguako familia batekin elkartu ginen; 3 seme-alaba zeuzkaten. Hu­rren­go urtean, lagunekin par­te hartzea erabaki genuen».
Esperientzia polita eta aberasgarria izan zenez, aurten, Jon Zumalabe gehitu da koadrilara, ekimenean parte hartzeko. «Gazteei gustatu egiten zaigu bazkari baten bueltan elkartzea, eta ideia hau oso ona da elkar ezagutu, eta aurreiritziak puskatzeko. Bestela, ez genu­ke jakingo nola gerturatu kanpoko jendearengana. Etxe­ko ateak irekitzea gauza pertsonala da, eta aberastu egiten du»..

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!