Asteartean aurkeztu zuten, Galarretan, 44. Binakako Erremonte Txapelketa Nagusia. Sei bikote ariko dira txapela lortzeko lehian, bihar hasi eta abenduaren 20ra bitartean.
Denak denen kontra, ligillan
Finalerdietara zein bikote sailkatuko diren jakiteko ligilla bat jokatuko da aurretik. Bihar bertan jokatuko da lehenengo partidua, eta Barrenetxea IV hernaniarra ariko da, Zeberio IIrekin, Urriza eta Agirrezabalaren kontra. Arratsaldeko 16:00etan hasiko da Galarretako jaialdia, eta bigarren partidua izango da Txapelketakoa.
Txapelketan ariko diren gainontzeko lau bikoteak dira: Uterga-Endika; Etxeberria IV-Etxeberria III; Ezkurra-Ion; eta Ezkurra II-San Miguel.
Ligilla azaroaren 22ra arte jokatuko da; ostegunetan partidu bat eta larunbatetan bi. Puntuak lortzeko modua, berriz, lehengo urtekoaren berdina izango da: 40 tanto egiten dituenak, 4 puntu; 36-39 tanto artean egiten dituenak, 2 puntu; 32-35 tanto artean eginda, 1 puntu; eta 31 tanto edo gutxiago lortzen dituenak, punturik ez.
Sei bikoteren artean dago jokoan aurtengo Binakako txapela.
Bi finalerdi
Finalerdietara pasako dira ligillan lehenengo lau postuetan gelditzen diren bikoteak. Ondoren, hauek bi finalerdi jokatuko dituzte.
Batetik, lehenengo semifinalean elkarren kontra ariko dira lehenengo sailkatua eta azkenekoa, eta bigarrena eta hirugarrena. Bigarren finalerdia ere berdin egingo da. Horrela, hiru partidutako onenak sailkatuko dira finalerako.
Finala, abenduaren 20an
Final haundia abenduaren 20an jokatuko da: lehenengo finalerdiko bikote irabazlea, bigarren finalerdiko irabazlearen kontra.
Lehia martxan dago, baina ezer gutxi dago argi. Jakin daitekeen gauza bakarra da, aurtengo bikote irabazlea ez dela lehengo urtekoa izango. Izan ere, Utergak Endikarekin jokatuko du aurten, eta Ionek, berriz, Ezkurrarekin. yy