AEK euskaltegiak, Gurasolagun egitasmoa jarri du martxan eta gurasoei dei egiten die parte hartzera animatzeko. Honelaxe funtzionatuko luke: «Gurasoen artean talde txikiak sortuko dira, euskeraz dakitenak eta ikasten ari direnak elkartuz. Talde bakoitzak jarritako ordutegi eta egunetan, euskeraz hitz egiteko elkartuko dira». Egitasmoaren helburua da, ikasten ari diren gurasoei beraien euskera-maila hobetzeko aukera ematea, lagunartea zabaltzea eta gurasoen arteko giroa euskalduntzen joatea.
Denborari etekina
«Egunero, astelehenetik ostiralera, umeak ikastetxean dauden bitartean edo eskola ondorenean, umeak zaintzen elkarrekin ematen ditugun orduak asko izaten dira. Zergatik ez ordu horiek euskeraren alde inbertitu? Gurasolagun egitasmoak denbora horri etekina atera eta euskera bultzatzeko aukera ematen digu», azaldu dute. Eta gaineratu: «Dohainik da, eta eskatzen den gauza bakarra da euskeraz hitz egiteko gogoa. Eskatzen den konpromisoa astean ordu betekoa da».
Izena azaroaren 20a baino lehen eman behar da eskolako idazkaritzan edo telefonoz: 607 610 687 (AEK). Azalpen gehiago ere emango dituzte urriaren 30ean, eskolako patioan (17:00).