Udaleko Berdintasun Sailak Beldur barik programan parte hartzera gonbidatu nahi ditu Hernaniko gazteak. Urtero egiten da Beldur barik programa, eta helburua da indarkeria sexista prebenitzea. Emakundek antolatzen du, hiru probintzietako Diputazioekin batera, EUDELen babesarekin eta beste zenbait erakunderen laguntzarekin.
Adierazpen artistikoak saritzen dira
12 eta 26 urte bitarteko neska-mutilei dago zuzendua, eta adierazpen artistikoak saritzen dira. Lan horietan erakutsi behar dena da, neska eta mutilek nola egiten dieten aurre ezberdintasun egoerei, Beldur barik jarrerarekin: «hau da, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia sustatu nahi dira».
Bi maila, parte hartzeko
Lanak aurkezteko epea zabalik dago azaroaren 12a bitartean. Parte hartzeko bi maila daude: batetik 12-17 urte bitartekoak, eta bestetik, 18-26 bitartekoak. Bakarka edo taldeka hartu daiteke parte (ikastetxe bat, gela bat, elkarte bat). Proposamenak jarrera@beldurbarik.org helbidera bidali behar dira. Joan den urteko edizioan 151 lan eta 1.066 gazte aurkeztu ziren: «beraz, datuek erakusten dute lehiaketak harrera ona duela, eta haunditzen dijoala».
Interneten eta sare sozialetan
Gazteekin Beldur barik jarrera garatzeko asmoz, programak presentzia du interneten eta sare sozialetan. www.beldurbarik.com web orria dute, eta Facebook, Twitter eta Tuenti kontuak ere bai. Bertan eztabaida eta hausnarketa guneak sortu nahi dira: «helburua da jarrera eta jokabide sexisten eraldaketarako espazio positibo eta erreferentea sortzea. Bertan ere, ezagutzera emango dira kultura matxista hausten duten pertsonak eta ekimenak».
«Aurkeztutako lanek jarrera bat azaldu behar dute. Kultura matxistaren zein indarkeria sexistaren adierazpen ezberdinak aldatu behar dira. Mezua baloratuko da».
Ikus entzunezko lehiaketa baino gehiago
Antolatzaileek azaldu dutenez, Beldur barik ez da ikus-entzunezko lehiaketa bat bakarrik: «aurkeztutako lanek jarrera bat azaldu behar dute. Kultura matxistaren zein indarkeria sexistaren adierazpen ezberdinak eraldatu behar dira, banakako zein taldekako konpromisoa isladatu behar dute. Beraz, kalitate tekniko eta artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea baloratu da». Edozein adierazpen artistiko onartuko dute lehiaketarako, baldin eta ikus-entzunezko formatuan aurkezten bada.
Bi sari, kategoriako
Maila bakoitzeko bi sari banatuko dituzte: lehenengo saria jasotzen duenak 500 euro irabaziko ditu; eta aipamen bereziak 300 euro. Horrez gain, herriaren saria ere izango da, 300 eurokoa. Eta aurten, nobedade gisa, ekoizpen onena ere sarituko da 300 eurorekin; gainera 3 lurraldeetako festibal artistikoen zirkuituan sartuko da.
Epaimahaiak aukeratuko ditu irabazleak; eta herriaren saria Youtubeko Beldur barik kanalean bozkatzeko aukera izango da.